Mundua -
Gerra Afganistanen
AEBk bonba ez nuklear handiena bota dute Afganistanen
10 tonako lehergailu erraldoia da, 'bonba guztien ama' deitutakoa. Bonbardaketak eragindako hildako kopuruari buruzko informazioa nahasia da.
Agentziak | Erredakzioa
Ameriketako Estatu Batuek bonba ez nuklear handiena bota dute gaur lehen aldiz. Pentagonoak jakinarazi duenez, Afganistanen jaurti dute, Nangarhar probintzian, Estatu Islamikoaren kontrako eraso batean.
GBU-43 Massive Ordenance Air Blast lehergailuak 10 tona ditu, 'bonba guztien ama' dela esaten dute eta kobazuloak eta lurrazpiko tunelak suntsitzeko diseinatu zuten.
Erregai nuklearrik behar ez duen lehergailurik handiena da. Gaur arte ez dute inoiz erabili.
Hildako kopurua
Bestalde, bonba bortitzak eragindako hildako kopuruari buruzko informazioa nahasia da.
Goizean, Afganistango Defentsa Ministerioak esan du bonbardaketan Estatu Islamikoaren 36 kide hil zirela eta erakunde horren instalazio garrantzitsu bat suntsitu zela.
Ordu batzuk geroago, Nangarhar probintziako Gobernuak adierazi du hildakoak 92 direla.
Estatu Islamikoak, berriz, ukatu egin du erasoan bere kiderik hil denik.
John Nicholson Afganistanen dagoen AEBko Armadaren jeneralak azpimarratu du bonbardaketan ez dela biktima zibilik izan eta hildako guztiak Estatu Islamikoko kideak direla.
Trumpen esanetan, bonbaren jaurtiketa arrakastatsua izan da
Donald Trump AEBko presidentearen esanetan, Afganistanen jaurtitako bonba Indar Armatuen "beste arrakasta" bat izan da. Antza denez, gisa horretako ekintza militarrak egiteko "erabateko baimena" eman die Trumpek Indar Armatuei.
AEBko Armadaz "oso, oso harro" dagoela azpimarratu du. "Munduko Armadarik onena daukagu eta, beti bezala, bere lana egin du", adierazi du Trumpek Etxe Zurian hedabideen aurrean egindako agerraldi laburrean. Presidentearen hitzetan, militarrek beren operazioak egiteko "erabateko baimena" dute.