Mundua -
GBU-43 bonbaren ezaugarriak
Horrelakoa da 'Bonba guztien ama'
9 metrotik gorako luzera dauka, bere diametroak metro bat baino gehiago neurtzen du eta 10 tona pisatze ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Ameriketako Estatu Batuek nuklearra ez den bonbarik handiena bota zuten atzo lehen aldiz gatazka batean. 'Bonba guztien ama' deitzen diotena Estatu Islamikoak Afganistango Nangarhar probintzian dituen tunel multzo batzuei erasotzeko erabili zuten, Pentagonoak jakinaraziz zuenez.
Jaurtigaiaren izen ofiziala GBU-43 Massive Ordnance Air Blast (MOAB) da. AEBko armategian dagoen handiena da (9 metrotik gorako luzera dauka, bere diametroak metro bat baino gehiago neurtzen du eta 10 tona pisatze ditu). Hercules MC-130 hegazkin bat erabili behar izan zuten hura garraiatzeko, ez baitu berezko propultsiorik, nahiz eta satelite bidezko sistema batek gidatzen duen.
Lurrarekin topo egin zuenean, 11 tona trinitrotoluenoko (TNT) suntsipen ahalmena zabaldu zuen. Hala ere, suntsipen ahalmen hori 1945ean Hiroshimaren (Japonia) aurka jaurtitako "Little Boy" bonba nuklearrak zuena baino askozaz txikiagoa da ( 15.000 tona TNT), eta, are txikiagoa oraindik, egungo bonba nuklearrek dutenaren ahalmenarekin alderatuta.
Atzo botatako bonba 2003tik dago erabilgarri, baino orain arte probetan bakarrik erabili izan dute. Bere xedea, bunkerrak eta tunelak desegiteaz gain, arma psikologiko gisa erabiltzea ere bada.
Pentagonoak berehala eman zuen erasoaldiaren berri, hura gauzatu eta bi ordura. Ez da oso ohikoa horrela egitea; izan ere, bi egun ere pasa daitezke erasoaldi bat baieztatzen duen arte, bereziki eragina balioetsi arte.
Hildako kopurua
Bestalde, bonba bortitzak eragindako hildako kopuruari buruzko informazioa nahasia da.
Goizean, Afganistango Defentsa Ministerioak esan du bonbardaketan Estatu Islamikoaren 36 kide hil zirela eta erakunde horren instalazio garrantzitsu bat suntsitu zela.
Ordu batzuk geroago, Nangarhar probintziako Gobernuak adierazi du hildakoak 92 direla.
Estatu Islamikoak, berriz, ukatu egin du erasoan bere kiderik hil denik.
John Nicholson Afganistanen dagoen AEBko Armadaren jeneralak azpimarratu du bonbardaketan ez dela biktima zibilik izan eta hildako guztiak Estatu Islamikoko kideak direla.