Mundua -

"Sakrifizioa ez da bukatu"

Obama: 'Borrokak abuztuan amaituko dituzte AEBek Iraken'

"Datorren urteko amaieran gure soldadu guztiak erretiratu arte trantsizio indar bat mantenduko dugu Iraken", adierazi du AEBetako presidenteak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amerikako Estatu Batuek borroka misioa abuztuaren amaieran bukatuko dute, Barack Obama presidenteak gaur baieztatu duenez., baina "sakrifizioa ez da bukatu", milaka beteranoen aurrean azaldu duenez.

"Datorren urteko amaieran gure soldadu guztiak erretiratu arte trantsizio indar bat mantenduko dugu Iraken", adierazi du Obamak 2.000 bat lagunen aurrean, Atlantan (Georgia).

Abuztuaren 31ren ostean Iraken geratuko diren 50.000 soldaduek bertako segurtasun indarrei lagunduko diete. 2009ko urtarrilean Obama Etxe Zurira heldu zenean AEBetako 150.000 soldadu ziren Iraken.

Egitasmoa

Iraken dauden Amerikako Estatu Batuetako soldaduak 50.000ara murriztuko dituen egitasmoa, planen arabera doa, Obamak beterano desgaituentzat Atlantan (Georgia) eman duen hitzaldi batean azaldu duenez.

"Hurrengo hilabetetik aurrera gure misio militarra borrokatik Irakeko segurtasun indarren instrukzio eta laguntzara aldatuko dugu". Horrez gain, "inor ezin da nahastu, Iraken dugun konpromisoa gure tropak buru diren esfortzu batetik, gure diplomatikoak buru izango diren ahalegin batera" pasako dela adierazi du Obamak.

Amerikako Estatu Batuak 2003ko martxoan sartu ziren indarrez Iraken, Saddam Hussein presidentearen erregimena uzkaili zuen eta agintarien kontra altxatu zen talde bati aurre egin behar izan zion. 4.000 soldadu baino gehiago hil dira Iraken, 30.000 zauritu baino gehiago dira dagoeneko, eta 736.000 milioi dolar baino gehiagoko kostua izan du gerrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea