Mundua -

Erresuma Batua

Mayk ekainaren 8ra aurreratuko ditu hauteskundeak

Downing Streeten egindako ezusteko adierazpenean, Mayk jakinarazi du ez duela 2020ra arte itxarongo hauteskundeak egiteko.

Theresa May, Britainia Handiko lehen ministroa. Argazkia: Efe
Theresa May, Britainia Handiko lehen ministroa. Argazkia: Efe
Ekainaren 8rako bozak iragarri ditu Theresa Mayk

1:22

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministro kontserbadoreak iragarri du hauteskundeak ekainaren 8ra aurreratuko dituela.

Downing Streeten egindako ezusteko adierazpenean, Mayk jakinarazi du ez duela 2020ra arte itxarongo hauteskundeak egiteko, eta datorren ekainaren 8an izango direla.

Lehen ministroak aitortu du "gogoz kontra" hartu duela hauteskundeak aurreratzeko erabakia, baina Erresuma Batuarentzat beharrezkoa da buruzagi egonkorrak izatea Europar Batasunetik ateratzeko negoziazioetan, horren esanetan.

"Datozen urteetarako segurtasuna bermatzeko modu bakarra hauteskundeak deitzea dela ondorioztatu dut", azaldu du Mayk, duela aste batzuk aukera horixe baztertu ostean.

'Brexita' dela eta, "herria elkartzen ari da", baina Westminsterren zatiketak bere horretan jarraitzen du, eta horrek arriskuan jartzen du EBtik ateratzeko negoziazioaren arrakasta, Mayren arabera.

Lehen ministroak azaldu duenez, Jeremy Corbynen laboristek Europar Batasunarekin lortutako azken akordioaren kontra bozkatzeko mehatxua egin dute, eta SNP alderdiko independentista eskoziarrak Gobernuaren jardunaren kontra egiten ari dira.

Horren aurrean, argi utzi nahi izan du ez diela oposiziolo politikariei 'brexita'ren inguruko negoziazioak oztopatzen utziko.

"Herriarentzat horren garrantzitsua den une honetan, batasuna egon beharko litzateke Westminsterren ere, baina zatiketa da nagusi. Herria elkartzen ari da; baina Westminster, ez", gaineratu du. Buruzagi kontserbadoreak azpimarratu du ez duela "milioika langileren segurtasuna" arriskuan jartzen utziko, oposizioko kideei erreferentzia eginez.

Hauteskundeak deitu ahal izateko, bihar bertan aurkeztuko du mozioa Parlamentuan lehen ministroak, hauteskundeak 2020a baino lehen egiteko.

Mayk eta kontserbadoreek alde handia ateratzen diete laboristei azkenaldian egindako inkestetan.

Martxoaren 29an, gobernuburuak Europar Batasunetik ateratzeko negoziazioa abiatu zuen Lisboako Itunaren 50. Artikulua baliatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Erresuma Batua Gaurko azken orduko albistea Brexita albisteak Zer da Brexita Erresuma Batuko lehen ministro ohiaren azken ordukoa