Mundua -
Venezuela
Venezuelako Gobernuaren aldekoak eta kontrakoak kalera irtengo dira gaur
Nicolas Maduro presidenteak plan militar bat abiatuko duela iragarri du, “Washingtondik bultzatutako estatu kolpe baten mehatxuaren aurrean barne ordena gordetzeko”.
Agentziak | Erredakzioa
Apirilaren 19a jaieguna da Venezuelan. Espainiarengandik independentzia lortzeko gogoa piztu zuen herri ekimen baten 207. urteurrena ospatzen dute, eta, horregatik, Gobernuaren aldekoek eta kontrakoek kalera egingo dute “askatasunaren alde”, baina bilkurak bertatik bertara zainduko dituzte.
Gobernuaren aldetik, Nicolas Maduro presidenteak iragarri du “Zamora” Bolivartar Indar Armatu Nazionalak aurkeztutako plana indarrean jarriko duela, “Washingtondik deitutako estatu kolpearen mehatxuen aurrean barne ordena gordetzeko”.
“Zamora Planaren lehen maila ezarriko dugu barne ordenaren alde, bakearen defentsan eta Washingtondik abiatutako estatu kolpea deuseztatzeko”, esan du agintariak, Julio Borges Parlamentuko presidenteak estatu kolpea emateko konplota babesten duela erantsi aurretik.
Segurtasun indarrek kolpearen aldeko elkarte hori osatzen duten “hainbat talde” desegin dutelako jarri dute abian plana, Maduroren hitzetan.
Halaber, Maduroren arabera, manifestazioetan libre parte hartzeko eskubidea bermatuta dago, baina “eskubide guztiak araututa daude”, baimenak behar dituzte eta apirilaren 19a “abertzaleentzako eta iraultzaileentzako eguna” da.
Horren ildotik, presidentearen esanetan, oposizioa hiriburuaren ekialdean egin dezake manifestazioa, eta “iraultzaren aldekoek”, berriz, mendebaldean, “Caracas historikoan”.
Oposizioa ez da “errepresioaren beldur”
Hainbat politikarik, artistak, irakaslek eta bestelako herritar batzuek oposizioak deitutako martxan parte hartzeko asmoa agertu dute, eta venezuelarrei dei egin diete ez daitezen izan “Maduroren Gobernuaren errepresioaren beldur”.
Henrique Capriles bi aldiz Venezuelako presidentetzarako hautagai izan denak adierazi duenez, herritarrek herrialde osoan egingo dute “indarrean den estatu kolpearen aurka”, eta Herritarren Defendatzailearen egoitzaren aurrean deitu dute bilkura, hiriburuaren mendebaldean.