Mundua -
'Casa Cordoba'
New Yorkeko zero gunean meskita bat eraikiko dute
Manhattango zero guneko eraikuntza bat "historikotzat" jotzea ukatu du aho batez Monumentu Historikoen Babeserako Batzordeak. Eraikin horretan islamiar zentro bat egiteko egitasmoa dute.
Erredakzioa
New Yorkeko zero gunetik gertu meskita bat eraikiko dute. Erabaki horrek polemika handia sortu du, irailaren 11ko atentatuen biktimak iraingarritzat jotzen baitute proiektua.
Manhattango zero guneko eraikuntza bat "historikotzat" jotzea ukatu du aho batez New Yorkeko Monumentu Historikoen Babeserako Batzordeak. Eraikin horretan islamiar zentro bat egiteko asmoa dute, eta horren barnean baita meskita bat ere.
Kalifikazio hori emateari uko egin diote batzordeko bederatzi kideek. Ondorioz, ''Casa Cordoba'' egiteko bidea libre geratu da. Egitasmoa Cordoba Initiative elkarteak eraman nahi du aurrera, American Society for Muslim Advancementen lankidetzarekin. Zentroa egiteko 100 milioi dolarreko inbertsioa beharko dute.
Polemika
New Yorken polemika piztu du proiektuak, izan ere, Manhattaneko zero gunean kokatzen da, 2001ko irailaren 11n atentatu terroristak jazo ziren lekutik oso gertu.
Balio historikorik ez duen lusaila Park Placeko 45-47 zenbakia da. Eraikuntza Dorre Bikiak ziren lekutik bi etxaditara dago, 150 urte baino gehiago ditu eta Italiako Errenazimentuko estiloa du.
Ontzi-jabeek egina
Paul Spofford eta Thomas Tileston New Yorkeko garaiko ontzi-jabe garrantzitsuenek egin zuten eraikina. Horregatik, zenbait taldek historikotzat jotzea eskatu zuten, ondare gisa babesteko.
Gaurko erabakiaren ostean, ''Casa Cordoba''ko sustatzaileek egitasmoarekin aurrera jarraitzeko aukera dute. 13 solairuko eraikuntza berria egitea dute aurrikusita. Bertan meskita, 500 lagunentzako antzokia, gimnasioa, igerilekua, sukaldaritza eskola, jatetxea eta otoi aretoa egingo dituzte.
Sarah Palin AEBetako presidenteorde izateko hautagai ohia egitasmoaren aurka azaldu da eta baita ''tea party'' New Yorkeko mugimendu kontserbadoreko ordezkariak ere.