Mundua -

Connecticuten

Gizon batek 8 lagun hil ditu bere buruaz beste egin aurretik, AEBetan

34 urteko Omar Thorntonek zenbait lagunen kontra tiro egin eta ondoren bere buruaz beste egin du. Gertakaria Hartford Distributor enpresan jazo da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Garagardo eta ardo banaketa enpresa batean izandako tiroketan bederatzi lagun hil dira gaur Connecticuten (AEB). Tiro egin duen laguna ere hildakoen artean dago, komunikabide lokalek jakinarazi dutenez.

Hartford Distributor konpainiaren aparkalekuan jazo da gertakaria, Manchesterren (Connecticut). 34 urteko Omar Thornton langileak zenbait lagunen kontra tiro egin eta ondoren bere buruaz beste egin du, The Harfort Courant egunkariko atariak jakitera eman duenez.

Thornton konpainiaren gidari gisa lanean ari zen eta duela gutxi heldu zen lanpostura. Lantokitik kanpo bi lagun hil ditu erasotzaileak, eta egoitza barruan beste bost akabatu ditu. Connecticuteko komunikabideak azaldu duenez, "diziplina arazo" bati buruz hitz egiteko Thornton itxaroten ari ziren Hartford Distributor enpresako arduradunak.

Tiroketa lanaldia hasten zenean gertatu da. Bulegoetan eta biltegietan 40 bat lagun zeuden, Brett Hollander konpainiako zuzendarietako batek azaldu duenez.

Anbulantziak eta helikoptero bat bertaratu dira biktimak artatzeko. Biktimen artean enpresaren jabe den familiako kideak daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea