Mundua -
Iruzkina
Guda aurreko giroa Libanon
Kasu honetan nobedadea da borroka ez dela soldadu israeldar eta Hizbolako milizianoen artean izan. Oraingoan, Libanoko Armada izan da bere muga babestu duena eta israeldarrei aurre egin diena.
Jesus Torquemada
Ekialde Hurbilean mundu guztiak segurutzat jotzen du Libanon beste gerra bat egongo dela; zalantza bakarra da noiz gertatuko den hori. Israel eta Libano arteko mugan tentsio handiko egoera dago, eta atzoko borrokaren ondoren are gehiago: hiru libanoar eta israeldar bat hil ziren.
Kasu honetan nobedadea da, kontuan hartzekoa, oraingoan borroka ez dela soldadu israeldar eta Hizbolako milizianoen (Libano hegoaldea kontrolatzen duen talde xiiaren) artean izan. Oraingoan, Libanoko Armada izan da bere muga babestu duena eta israeldarrei aurre egin diena.
Horrek esan nahi duena da Libanoko Gobernuak paper aktiboagoa hartzea eta bere haserrea erakustea erabaki duela, euren iritziz israeldarrek mugan behin baino gehiagotan egin dituzten arau-hausteen aurrean.
Bitartean, Hizbolari berriro armak hartzen utzi izana leporatu dio Israelek Libanoko Gobernuari; Hizbolako buruzagiek ziurtatu dute Israeli irabazteko prestatuta daudela. 2006koa bezalako gerra baterako agertokia prestatuta dago, beraz. NBEren tropak bertan izatea ez da nahikoa eragozteko; gerra pizten bada, kasko urdinek bere burua salbatu besterik ez dute egin ahal izango.