Mundua -

Atentatua

Gobernuko iturriek gezurtatu egin dute Ahmadineyaden kontrako erasoa

Mahmud Ahmadineyad presidentearen karabana pasa denean petardo batzuk baino ez dutela eztanda egin ziurtatu du Irna Irango albiste-agentzia ofizialak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irango Gobernuko iturriek gezurtatu egin dute Mahmud Ahmadineyad presidenteak atentatua jasan duela, nahiz eta hedabide batzuk informazio horixe zabaldu eta esan atentatu batetik onik atera dela.

Ahmadineyad Hamedanen atentatu baten biktima izan denik ukatu du Irna Irango albiste-agentzia ofizialak, eta presidentearen karabana pasa denean petardo batzuk baino ez dutela eztanda egin ziurtatu du.

Al Arabiya telebista katearen arabera, eskuko granada batez egin diote eraso Hamadan hirian eta berehala atxilotu dute gizonezkoa. Gero, Irango telebista batek Ahmadineyaden irudiak eman ditu Hamadaneko estadio batean, itxura onarekin eta atentatua aipatu ere egin gabe.

Irango presidenteak, Israelek bera hiltzeko asmoa zuela esan eta bi egunera izan da balizko atentatua. Erasoa zuzenean jasan duen autoan Ahmadineyaden atzetik zihoazen kazetariak zeuden, Al Arabiyaren arabera, eta zenbait lagun zauritu dira

Gezurtatu egin dute

Dena dela, Press TV irandarrak gezurtatu egin ditu gertakariok eta iturri ofizialak aipatzen ditu Ahmadineyaden kontrako atentaturik ez dela izan baieztatzeko."Iturri ofizialek ukatu egin dituzte informazio horiek eta erasorik ez dela izan ziurtatu dute", adierazi dute aipatu telebistaren webgunean.

Al Yazira Qatarreko telebistak, era berean, Teherango Gobernuko iturriek atentatua egon dela gezurtatu dutela zabaldu du.

Ahmadineyad gaur bertan iritsi da Hamadanera, herrialdearen mendebaldera, bere politika azaltzeko egiten ari den hitzaldi-sortaren baitan, Isna agentzia ofizialak azaldu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea