Mundua -

Epaiketa

Naomi Campbell galdekatu dute Hagan 'diamante odoltsuen' auzi batean

Modeloak onartu egin du "bi edo hiru harri txiki eta zikin" jaso zituela Charles Taylor ezagutu zuen egunean. "Diamante odoltsuekin" Sierra Leonako gerrilla finantzatzea leporatzen diote Taylorri.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Naomi Campbell modeloa galdekatu dute gaur Hagako auzitegian Charles Taylorren kontrako epaiketan. Liberiako presidente ohia ezagutu zuenean, 1997an, "bi edo hiru harri txiki eta zikin" eman zizkiotela onartu du.

Campbellen lekukotza oso garrantzitsua da auzitegiarentzat Charles Taylor auzipetzeko, izan ere, "diamante odoltsuekin" Sierra Leonako gerrilla iraultzailea finantzatzea leporatzen diote.

Ustez, Taylorrek diamante horietako bat oparitu zion modelo britainiarrari Nelson Mandelaren etxean, Hegoafrikan egin zuten afari batean, duela 13 urte.

Campbellek azaldu duenez, afariaren ostean logelara joan zen eta lo zegoela bi gizonezkok esnatu zuten poltsa txiki bat emateko. Bertan "bi edo hiru harri txiki eta zikin" omen zeuden, eta berak ez zekien diamanteak zirela. Gizonezkoak ez zirela identifikatu zehaztu du.

Campbellek esan du orduan izan zela Taylor ikusi zuen lehenengo aldia eta bakarra, eta hurrengo goizean bertan harriak Nelson Mandela Fundazioari eman zizkiola dohaintzan.

Charles Taylorren kontrako epaiketa 2008ko urtarrilean hasi zen. Hamaika gerra krimen leporatzen dizkiote Sierra Leona 1991tik 2002ra jo zuen gatazka zibilean parte hartzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea