Mundua -
Iruzkina
Hiroshima, in memoriam
Erasoa Truman presidenteak agindu zuen eta 3 egunetara beste bonba atomiko bat jaurti zuten Nagasakin. Gaur, gertakarien 65. urteurrena da.
Jesus Torquemada
65 urte bete dira gaur lehen bonba atomikoa Hiroshiman jaurti zutenetik. Erasoa Truman presidenteak agindu zuen eta 3 egunetara Nagasakin jaurti zuten. Ondorioak latzak izan ziren: bi bonbek 150 mila pertsona hil zituzten.
Trumanen erabakia defendatzen dutenek diote, Japoniak ez zuela amore emateko inolako asmorik, eta guda beste urte betez luzatu zitekeela, bonbek baino hildako gehiago eraginez.
Kontrakoek, berriz, bonba atomikoak erabiltzea beharrezkoa ez dela diote eta Ameriketako Estatu Batuek munduari euren nagusitasuna erakusteko jaurti zituztela uste dute. Dena den, argi dagoena da aro berri bati hasiera eman zitzaiola.
Zorionez, Hiroshima eta Nagasakiren ondoren ez ziren bonba gehiago jaurti; baina, ordutik, potentzia nuklearrek bi mila leherketa baino gehiago egin dituzte egindako bonba berriak frogatzeko.
Gaur egun, hainbeste desarme itun eta hainbeste konturen ondoren, dozena erdi herrialdek 20 mila bonba nuklear baino gehiago gorde dituzte. Lurreko bizi guztia hainbat aldiz suntsitzeko adina da.