Mundua -
Hondamendi nuklearra
Hiroshimako bonba atomikoak 65 urte bete ditu
Egungo egoera 1945eko bera izango balitz, bonba atomikoa berriz jaurtiko lukeela adierazi du bizirik dagoen militar bakarrak eta "gerrari amaiera emateko erarik bihozberarena" zela gaineratu du.
Erredakzioa
Orain dela 65 urte, Hiroshima suntsitu zuen bonba atomikoa jaurtiki zuten AEBek.
Egungo egoera 1945eko bera izango balitz, bonba atomikoa berriz botako lukeela adierazi du Theodore Van Kirkek, bizirik dagoen militar bakarrak. "Enola Gay" hegazkinean zihoan militarrak "gerrari amaiera emateko erarik bihozberarena" zela iritzi du.
Zorigaiztoko data hori gogoratu zuten atzo 8:15etan (23:15ak Euskadin) Hiroshiman. AEBak eta Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusia lehenengoz izan ziren ekitaldian.
Urtero bezala, omenaldia Hiroshimako Bakearen Parkean izan zen, hain zuzen, "Enola Gay" hegazkin iparamerikarrak "Little Boy" uraniozko bonba jaurtiki zuen leku berean. 55.000 pertsona bildu ziren bertan eta onik atera zirenak, "hibakusha"-k deitzen dituztenak gogoan izan zituzten.
II. Mundu Gerraren ostetik, Japoniak eta AEBek duten harreman nuklearra gaitzetsi zuen Tadatoshi Akiba Hiroshimako alkateak bere agerraldian.
Arma nuklearren suntsiketa
AEBetako enbaxadoreak, bere aldetik, AEBek eta Japoniak "arma nuklearrik gabeko mundu bat lortzeko Obamak egin duen apustuarekin bat" datozela azpimarratu zuen.
Eta Ban Ki-moonek proposatu zuen 1996an sinatutako Froga Nuklearrak Debekatzeko Tratatua 2012an indarrean egotea.
Hiroshima eta gero, Nagasaki
350.000 biztanle zituen Hiroshimak 1945ean eta bonba atomikoak 80.000 hildako eragin zituen. Urte bukaerarako, 140.000 ziren hildakoak eta erradiazioen ondorioz, biktima gehiago izan ziren hurrengo urteetan.
Hiroshimako erasoa izan eta hiru egunetara, AEBek bigarren bonba nuklearra jaurtiki zuten Nagasakin eta 74.000 hildako eragin zituzten. Hondamendi horren ostean, Japoniak amore eman zuen eta II Mundu Gerra amaitu zen.