Mundua -
Suteak Errusian
Hainbat enbaxada hustu dituzte Moskun kea eta beroaren eraginez
Tamaina handiko 101 sutek Errusiako 165.000 hektarea errausten ari dira. Momentuz, 52 pertsona hil dira suaren ondorioz.
Erredakzioa
Suteek sortutako keak Moskuko airea zeharo kutsatu du eta, hori ikusita, hainbat enbaxadek euren langileak bertatik ateratzea erabaki dute. Airean dagoen kutsadurak gaixotasun kardiobaskularrak larritu egin ditu eta heriotzek ere gora egin dute.
Alemania, Austria, Polonia eta Kanadako diplomatikoek beren langileak eta senitartekoak ateratzen ari dira, izan ere, Mosku ke hodei handi batek estalita jaiki da larunbat honetan.
Israelek, aldiz, bere enbaxadatik ezinbestekoa ez den pertsonala ateratzeko agindua eman du. AEBk eta Europar Batasuneko beste hainbat herrialdek, berriz, euren hiritarrak Errusiara bidaiatzeak izan ditzakeen arriskuei buruz ohartu dituzte: suteek eragin handia dute segurtasunean, airearen kalitatean eta garraioetan.
Moskuko Osasun sailak jakitera eman duenez, "kutsadura maila oso altua da", atmosferan dauden substantzia kaltegarrien kontzentrazioak gehienezko maila sei aldiz gainditzen baitu.
Osasun sailak kalera ez ateratzeko deia egin die Moskuko biztanleei, leihoak ez ireki eta oxigeno maskarak erabiltzeko gomendioa ere egin dute, azken hauek agortu egin diren arren.
Larrialdietarako ministerioaren arabera, suteak Ukrainako mugara iristen badira, 1986an Chernobilen izandako hondamendi nuklearraren erradiaktibitate arrastoak airera zabaldu daitezke.
290 sute berri 24 orduetan
Ministerioak emandako informazioak ez du zehazten suteen ondorioz zenbat hildako izan diren. Bezperan 52ra iritsi ziren eta, normalean gertatzen denaren kontra, ez dira suhiltzaileak, herrietan suak harrapatutako biztanleak baizik.
Azken 24 orduetan 290 sute berri sortu dira, horietatik 244 itzaltzea lortu dituzte. Erretako eremua 193.516 hektarea hartzen ditu, ostiralean baino 14.000 gehiago.
Larrialdietarako ministerioak 101 sute handi daudela adierazi du, guztira 165.000 hektarea hartzen dituzte.