Mundua -

Uholde-urak

Uholdeak sarraskia eragiten ari dira Europan eta, batez ere, Asian

Lur eta harri jauziek eta lokatzezko korronteen ondorioz, 1.600 hildako daude Pakistanen, 132 Indian, 127 Txinan eta bederatzi Alemania, Polonia eta Txekiar errepublikan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pakistanen 1.500 gorputzetik gora berreskuratu dituzte dagoeneko. Bitartean, euriteak hegoalderantz egin du. Han bi presa handi pitzatu egin dira, inguru guztia urpean dago eta Indo ibaia beteegi jaisten da orain.

Iparraldean, berriz, uholdeez gain, arazo larriena orain gaixotasunak dira, batez ere azaleko eta sabeleko infekzioak. Azpiegiturak txikituta daude eta zona batzuetara itsasontziz edo helikopteroz bakarrik joan daiteke. Horrek kanpoko laguntza iristea zailago egiten du.

Monzoiak eragindako euriteek, lurralde osoaren %15 urez bete dute. Hildakoak 1.600 dira gutxienez.

132 hildako Indian

Ehundaka turista harrapatuta jarraitzen dute Indian, Leh hiria eta bere inguruetan, hain zuzen. Bertan, euriteek 132 hildako eta 500etik gora zauritu utzi dituzte.

Leh hiria, Ladakh probintziako hiriburua da, Jammu-Katxemira estatuan dago, India iparraldean. Bertan hainbat turistak handik irten ezinik jarraitzen dute, tartean Galdakaoko Ganguren Mendi Taldeko 46 mendizale.

Momentuz, 132 hilotz aurkitu dituzte, baina lekukoen eta iturri ofizialen ustez, hildakoak 500 iritsi daitezke, izan ere, erreskate taldeek ezin izan dute kaltetutako hainbat herrira iritsi.

127 hildako Txinan

Txinan gutxienez 127 pertsona hil dira ipar-mendebaldean, Gansu probintziako Zhouqu herrian. Bertan euriteek lur-jauziak eragin dituzte eta, hildakoez gain, 76 zauritu eta 2.000 desagertu daude. Beste 45.000 pertsona beste lurralde batzuetara eraman behar izan dituzte.

Euriak larunbateko 22:00etan hasi ziren (14:00 GMT). Lurra jausten hasi zen eta elektrizitaterik gabe geratu ziren, Bailong ibaiak gainezka egin eta urek pertsona asko aurretik eramaten zituzten bitartean.

Shawan eta Lianghekoun, berriz, 19.000 pertsona beraien etxebizitxetatik atera behar izan dituzte. Uholdeen ondorioz 50.000 pertsonek kalteak izan dituzte eta lupetzak metroko altuera izan du herrixka batzuetan.

Azken orduetan euririk egin ez duen arren, iragarpenek asteartean eta asteazkenean berriro botako duela diote.

9 hildako gutxienez Alemania, Polonia eta Txekiar errepublikan.

Alemaniako hego-ekialdean, Poloniako hego-mendebaldean eta Txekiar errepublikako iparraldean ere euriteek hainbat arazo sortu dituzte. Azken 48 orduetan, "Viola" izeneko ekaitzak bederatzi hildako utzi ditu hiru herrialdeetan.

Toki bakoitzeko arduradunek, Alemanian hiru hildako, Polonian beste hiru eta Txekiar errepublikan beste hiru izan direla konfirmatu dute. Horretaz aparte, hainbat pertsona desagertuta daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea