Mundua -

Iruzkina

Kolonbia eta Venezuela, adiskidetzeko bidean

Uribek alde egin bezain laster, bi herrialdeen arteko harremanak hobetuko zirela espero zen, baina ez hain azkar. Bihar bertan bilduko dira Chavez eta Santos, hautsitako zubiak berreraikitzeko.

Jesus Torquemada

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Manuel Santos, Kolonbiako presidentziara iritsi bezain laster, Kolonbia eta Venezuela euren arteko harremanak hobetzeaz arduratu dira berehala. Larunbatean utzi zuen Alvaro Uribek herrialdearen gidaritza eta bien bitartean, bi herrialdeen arteko harremanak oso sutsuak izan dira. Behin baino gehiagotan, gerra bat hasiko zutela ematen zuen.

Hugo Chavez, Venezuelako presidentearen arabera, Uribe, Ameriketako Estatu Batuen txotxongiloa izan da, eta Venezuelaren segurtasunari mehatxu egiten zion. Uriberen arabera, berriz, Chavezek gobernutik kendu nahi zuen, FARC gerrilari bere babes politikoa eta materiala emanez.

Orain bi aste, FARC-eko kideek Venezuelan babesa jasotzen zutela erakusten zuten frogak zituela esan zuen Uribek. Chavezek, harreman diplomatikoak hautsiz erantzun zion horri.

Juan Manuel Santos presidente berriak, Uriberen itzalean egin du bere ibilbide guztia, izan ere, FARC-ekoekin gogor jokatzeko politika ezarri duen Defentsa ministroa izan da. Itxura guztien arabera, politika horrekin jarraituko du. Halere, Santos gauza batekin ohartu da: ezin duela Kolonbiak Venezuelarekin haserre jarraitu. Bi herrialdeok, lotura historiko eta ekonomiko handiegia dute.

Horregatik, larunbateko kargu-hartze hitzaldian garbi utzi zuen, ez duela Venezuela etsaitzat hartu. Eta Chavezek berehala heldu zion amuari. Uribek alde egin bezain laster, bi herrialdeen arteko harremanak hobetuko zirela espero zen, baina ez hain azkar. Bihar bertan batzartuko dira Chavez eta Santos, hautsitako zubiak berreraikitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea