Mundua -
Gatazka
Akordio batean adostutako eremu babestuak bonbardatu ditu Siriako Gobernuak
Ostiral gauerdian indarrean sartutako akordioan adostutako hainbat toki erasotu ditu Gobernu siriarrak. Errusia, Iran eta Turkia herrialdeek sinatu zuten hitzarmena.
Agentziak | Erredakzioa
Siriako Gobernuak Homs eta Hama probintzietako hainbat toki bonbardatu ditu, herrialdearen erdigunean. Bart gauerdian Errusiak, Iranek eta Turkiak Siriako eremu batzuk babesteko sinatutako akordioan zehaztuta zeuden tokietan egin dute erasoa. Giza Eskubideen Siriako Behatokiak eman du informazioaren berri.
Al Asaden soldaduak eta hainbat talde islamista tiroka hasi dira Homs hirian, hitzarmena indarrean jarri ostean. Ez dute biktimen inguruko informaziorik eman.
Herritarrak babestea da Astanan ostegunean sinatutako akordioaren xedea, errebeldeen eta Gobernuaren arteko tentsioa arintzeko.
Idleb probintzian, Homs hiriaren iparraldean, ekialdeko Gutan, Alepo probintzian eta herrialdearen hegoaldean daude bonbardatutako tokiak. Errebeldeek eta talde islamistek kontrolatutako zonaldeak dira.
Akordioa sei hilabete egongo da indarrean, eta, sinatu duten herrialdeak ados egonez gero, automatikoki luzatuko dute.
Siriako oposizioak, berriz, dokumentua baztertu du, ez baitu Iranek bake prozesuan parte hartzea onartzen, herrialde "erasotzailea" dela argudiatuta.