Mundua -
Venezuela
Hildako bat eta 170 zauritu baino gehiago manifestazio batean, Caracasen
Antza denez, "su arma batek jo du (gaztea) oso hurbiletik, metro gutxira", Barne Ministerioak adierazi duenez.
agentziak | erredakzioa
Gazte bat hil dute eta 177 pertsona zauritu dira Caracasen ekialdean izan den manifestazioan, Venezuelako Gobernuaren oposizioak deituta, zenbait agintariren arabera.
Manifestariek Justizia Auzitegi Nagusiraino -hiriaren erdigunean- heltzeko asmoa zuten.
Nestor Reverol Barne eta Justizia ministroak VTV telebista katean adierazi duenez, Miguel Castillo hildako gaztea "su arma batek jo du oso hurbiletik, metro gutxira", adituen ustean.
Fiskaltzak, bestalde, ikerketa bere gain hartu eta Twiterren 27 urteko gaztearen heriotza konfirmatu du. Gainera, autopsia egin diotela baieztatu du, baina zehaztasun gehiagorik eman barik.
Ramon Muchacho Chacao udalerriko alkatea (oposiziokoa) ere Twitterren mintzatu da eta, bere esanetan, 93 pertsona artatu behar izan dituzte jurisdikzio horretan: bi balekin zauritu dituzte, sei perdigoiekin, 13 asfixiak jota zauritu dira eta 72 traumatismoengatik artatu dituzte. Hildakoaren harira, "bihotzean" daramala esan du.