Mundua -

Eztabaida AEBn

Obamak babesa eman dio 'zero gune'tik gertu eraikiko duten meskitari

Presidente iparamerikarrak bere herrialdeak "askatasun erlijioso apurtezinarekin" duen konpromisoa azpimarratu nahi du, nahiz eta, inkesten arabera, amerikarren %70 proiektuaren aurka egon.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama, AEBko presidenteak, musulmanek meskita eraikitzeko eskubide osoa dutela esan du gaur, nahiz eta "zero gunetik" gertu egoteak eztabaida handia sortu.

"Hiritar eta presidente bezala, nire ustez musulmanek herrialde honetako beste edozein pertsonak bezala, euren erlijioa praktikatzeko eskubidea dute. Eta otoitz egiteko zentro komunitario bat eraikitzea eskubide horren barruan dago, nahiz eta egoitza hori Manhattan hegoaldean egon. Legeak eta tokiko arauak betetzen badituzte, besteek bezalako eskubidea dute", adierazi du Obamak.

Gainera, AEBko presidenteak gauza bat azpimarratu nahi izan du: "Hauek Amerikako Estatu Batuak dira eta ezin dugu hautsi gure herriak askatasun erlijiosoarekin duen konpromisoa".

Obamak Etxe Zurian antolatutako “iftar” afarian egin ditu adierazpen hauek, Ramadan hilaren ospakizunen barruan. "Iftar" afaria, musulmanek Ramadanaren barruan egiten duten janari bakarra da.

Adierazpen hauekin, irailaren 11an izandako atentatuen lekutik hurbil meskita bat eraikitzeko proiektuaren inguruko isiltasuna hautsi du Obamak.

Agintariak, gainera, argi utzi nahi izan du AEBren arerioak direla erlijio askatauna errespetatzen ez dutenak. Ez hori bakarrik, Obamaren hitzetan, Al Qaeda 2001eko atentatuen arduradunak defendatzen duena "ez da Islama, horren desitxuratze bat baizik".

Errepublikarrak eta inkestak, kontra CNN telebista kateak egindako inkesta baten arabera, estatubatuarren %70 meskitaren proiektuaren kontra dago, eta %29 bakarrik onartzen du eraikuntzak aurrera egitea.

Meskitaren alde egiten dutenen artean, Michael Bloomberg New Yorkeko alkatea eta talde judutar batzuk daude. Hauen ustetan, meskitaren eraikuntza AEBren tolerantzia eta aniztasun kulturalaren adierazle ezin hobea izango litzateke.

Gauzak erabat ezberdin ikusten dituzte errepublikarren artean. Peter King New Yorkeko errepublikarren legegilearen arabera, Obama "oker dago" proiektuaren alde egitean, meskitaren eraikuntzak musulmanek irailaren 11an gertatutakoaren inguruan duten "sentsibilitate faltaren adierazle" baino ez da.

Egun dauden oztopo guztiak gainditzen badituzte, meskitak 2014 urtean zabalduko lituzke ateak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea