Mundua -

Bahiketa Mauritanian

Bahitutako kooperante katalanak egoera onean omen daude

Barcelona Acció Solidaria GKEko arduradunaren esanetan, senitartekoekin izandako elkarrizketetatik bahitutakoak egoera onean daudela uler daiteke, bizi-agiriak eta telefono dei bat jaso dutelako

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barcelona Acció Solidariako arduradunek Magreb Islamiarreko Al Qaedak bahitutako bi kooperanteen familiek bizi-agiria jaso dutela uste dute. Hori adierazi du Francesc Osan GKEko presidenteak.

Dirudienez, azken egunetan bahitutakoen telefono deia eta bizi-agiri bat hartu dute.

Osanen esanetan, nahiz eta bizi-agiri honen baieztapen ofizialik egon ez, senitartekoekin izandako hizketaldiek horrela pentsatzera bultzatu ditu. Familiak Espainiako gobernuarekin harremanetan daude.

"Ofiziala ez den arren, irudiren bat ikusi dutela esan digute, zeozer erakutsi diete, baina ez dugu horren baieztapen ofizialik", azpimarratu du Francesc Osanek.

Alicia Gomez, bahitutako hirugarren kooperantea, duela lau hilabete askatu zuten. Ordutik aurrera, Acció Solidaria Espainiako gobernuaren hizketakide izateari utzi zion, eta gobernua Roque Pascual eta Albert Vilaltaren familiekin bakarrik dago harremanetan.

Gauzak horrela, "gobernuak, astero-astero, bahituen osasuna ona dela eta gauzak ondo dozela zehatz-mehatz esaten badu, hori konfirmatzen duen frogaren bat dutelako esaten dutela uste dugu. Kontrakoa, arduragabekeri hutsa izango litzateke".

Bahiketa "arraroa"

Negoziaketen inguruan sortutako azken albisteari dagokionez, hau da, Omar Saharaui, bahiketan parte hartzeagatik 12 urteko kartzela zigorra jarri zioten maliarra, bere herrialdera estraditatu dutela, Osanek esan du ez dutela bahitzaileen eskakizunen berri fidagarririk.

"Bahiketa oso arraroa izaten ari da, arduradunak zeintzuk diren esanez grabazio bakarra dago, baina ondoren ez dago eskakizunen inguruan egindako bigarren komunikaturik. Hori dela eta, espekulazioa izan da nagusi, Mali, Mauritania edo Burkinako hedabideetan ateratako surrumurruak besterik ez dira egon".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea