Mundua -
Iruzkina
Afganistan, Obamaren gerra
Irakeko kasuarekin gertatzen den ez bezala, Afganistangoan, AEBetako presidenteak ez du argitu noiz aterako dituen soldadu guztiak herrialde asiarretik.
Jesus Torquemada
Diferentzia nabarmen bat dago Iraketik eta Afganistandik soldadu estatubatuarrak erretiratzeko plangintzetan.
Iraken kasuan, Obama presidenteak data zehatza jarri zuen soldaduak ateratzen hasteko, gero eta gertuago dagoen abuztuaren 31a. Bukaera data, berriz, 2011ko abenduaren 31a.
Afganistanen kasuan, hasiera data 2011ko uztailaren 11 aipatu zuen, baina ez zuen esan noiz bukatuko zen. Zifrak ere ez zituen zehaztu, ez zuen esan zenbat soldadu joango diren hurrengo uztailean. Iraken bai, jakina da bi aste barru 100 mila soldadu irtengo direla handik.
Obamak arazoa dauka Afganistanekin. Alde batetik, beharrezkotzat jo du bertako gerra nazioarteko terrorismoa gelditzeko, alferrikakoa jo du, berriz, Irakekoa. Bestalde, bere jarraitzaileei eta Nobel Saria eman zietenei erantzun beharrean dago. Horregatik, joan den urtean Afganistanera 30 mila soldadu bidaliko zituela iragarri zuenean esan zuen espero zuela 2011ren uztailean soldaduak erretiratzen hastea.
Afganistanen diren buruzagi militarrek, tartean Petraeus jeneralak, badakite data horretarako ezinezkoa dela gerra irabaztea, horregatik ari dira esaten goizegi izan daitekeela Obamak erretiratzeko egin duen iragarpena.