Mundua -
82 urte zituen
Francesco Cossiga Italiako presidente ohia hil da
Cossigak Berlusconiri, Napolitanori, eta Ganbarako eta Senatuko presidenteei zuzendutako lau eskutitz utzi ditu. Bere hil-kapera Erroman jarriko dute asteazkenean eta hileta Sardinian izango da.
Erredakzioa
Francesco Cossiga Italiako errepublikako presidente ohia eguerdian hil da bere osasunak okerrera egin ondoren. Hori da italiako hedabideek jakitera eman dutena. Cossigak 82 urte zituen eta Italiako hilarteko senadorea zen. Hil honen 9tik Erromako ospitale batean zegoen.
Italiako hedabideek argitaratu dutenez, Cossigak lau gutun utzi ditu bera hil ostean banatu ditzaten. Giorgio Napolitano Errepublikako presidenteari, Silvio Berlusconi lehen ministroari, Renato Schifani eta Gianfranco Finiri Senatuko eta Diputatuen Ganbarako presidenteei zuzendu dizkie eskutitzok.
Bere gurasoen jaioterrian, Cheremulen (Sardinia) izango dira hileta-elizkizunak, familiaren lagunek jakinarazi dutenez. Bere hil-kapera Erromako Gemelli Poliklinikoko elizan jarriko dute asteazkenean 10:00etatik 18:00etara .
"Cossiga zikloia"
Italiako zortzigarren estatu burua errepublika horrek izan duen presidenterik iskanbilatsuena izan zen. Berea, "bakarrik dagoen gizona"ren irudia zela esan zuen 1992an. Erakundeak behin baino gehiagotan jarri zituen kolokan Cossigak bere polemiken eta lekuz kanpoko ekintzen bitartez.
Presidente izan aurretik Barneko ministroa ere izan zen eta karguan zegoen bitartean Italiak azken boladan izan duen gertakari tragikoenari aurre egin behar izan zion: Aldo Moro presidente ohiaren bahiketa eta erahilketa 1978 urtean.
Presidente lanetan aritu zen lehenengo urteetan "errege konstituzionala" balitz bezala aritu zen: gobernatu baino erreinatu egiten zuen, eta beti zuhurtzia dotorea erabiliz. Horrela izan zen "Cossiga zikloia" askatu zen arte.
"Gladio" izeneko talde paramilitarra eta sekretua estalgabetu zenean hasi zen guztia. Hauen helburua herria defendatzea zen Varsoviako Hitzarmeneko eraso hipotetiko baten aurrean.
Parlamentuak taldea ilegala zela esan zuen, Cossigak aldiz, "gladiadoreak" eta "patriotak" zirela. Ordutik aurrera, Estatuko burua egunero izan zen egunkarietako portadetan.
Cossiga senadorea, Goi Kamerako presidentea eta, azkenik, Errepublikako Presidentea izan zen. 1992an dimisio aurkeztu zuen eta hilarteko senadore egin zuten.