Mundua -

BISITA OFIZIALA

Aita santuak Donald Trump hartu du Vatikanoan

25 minutuko protokolozko bisita izan da, AEBko presidentearen eta Frantziskoren arteko lehendabizikoa. 'Ohore bat da hemen egotea', esan du Trumpek.

Donald Trump eta Frantzisko aita santua, gaur, Vatikanoan. EFE.
Donald Trump eta Frantzisko aita santua, gaur, Vatikanoan. EFE.
Frantziskok Munduan bakea zabaltzeko eskatu dio

1:21

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzisko aita santuak Donald Trump Estatu Batuetako presidentea hartu du, gaur goizean, Vatikanoko liburutegi pribatuan. Protokolozko bisita izan da, eta 25 minutu inguru iraun ditu. "Ohore handi bat da hemen egotea", esan du Trumpek, aita santuari eskua eman dionean.

Asteazkeneroko audientzia nagusiaren aurretik egin dio harrera Frantziskok Trumpi, 08:30ean. Eliza kristauaren buruaren eta AEBko egungo presidentearen arteko lehendabiziko bilera izan da.

Opariak  trukatu ondoren, Estatu Batuetako ordezkaritza aurkeztu dio Trumpek aita santuari, tartean, Melania emaztea eta Ivanka alaba.

Frantziskorekin batzartu eta gero, berriz, Sergio Mattarella Italiako presidentearekin eta Paolo Gentiloni lehen ministro italiarrarekin batzartu da buruzagi estatubatuarra.

Bileraren ostean, AEBko presidenteak esan du Vatikanoak eta bere herrialdeak "oinarrizko balore asko partekatzen" dituztela, tartean Giza Eskubideen eta erlijio askatasunaren babesa.

Etxe Zuriak zabaldutako prentsa-ohar batean jakinarazi dutenez, AEBk, Vatikanoak eta nazioarteko komunitateak "terrorismoaren kontrako borroka elkarrekin" nola egin hitz egin dute.

Horren harira, erlijio komunitateek gerra eremuetako sufrimenduari aurre egiten lan egin dezaketela komentatu omen dute, Siriari, Libiari eta Estatu Islamikoak kontrolatutako beste herrialde batzuei erreferentzia eginez.

Trumpek munduan gosearen aurka borroka egiten jarraitzeko konpromiso "berritua" hitzeman dio aita santuari, eta 300 milioi dolarreko inbertsioa iragarri du Yemen, Hego Sudanen eta Nigerian goseari aurre egiteko.

Bestalde, Vatikanoaren arabera, elkarrizketa "adeitsua" izan dute eta bat egin dute "munduan bakea sustatzeko" bidea negoziazio politikoa dela.

Gaurko bileraren harira aita santuak, asteon, kazetarien aurrean egindako adierazpenetan nabarmendu zuenez, "itxita ez dauden ateak" bilatuko ditu Trumpekin. "Nik ez dut pertsona bat epaituko, aurretik hari entzun gabe. Trumpi ere entzungo diot, eta ondoren, pentsatzen dudana esango dut", ziurtatu zuen Frantziskok.

Barack Obama AEBko presidente ohia bi aldiz bildu zen Frantzisko aita santaurekin; 2014an Vatikanoan, eta 2015ean Estatu Batuetan.  2009an, berriz, Benedicto XVI aita santu emerituak hartu zuen Obama, Vatikanoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Ameriketako Estatu Batuak Aita santua bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Trump gaur Italiako albisteak Eliza Katolikoa