Mundua -
Erresuma Batua
British Airways zerbitzua abiatzen saiatzen ari da, bidaiarien kexen artean
Aireportuetan geratu eta ekipajea galdu duten bidaiariak kexak helarazten ari dira sare sozialen bidez.
Agentziak | Erredakzioa
British Airways airelinea britainiarrak gaur jakinarazi duenez, Heathrow eta Gatwick aireportuetatik "ia zerbitzu guztiak" ahalik eta azkarren abiatzen "ahalegintzen" ari da. Bestalde, berriz, ekipajea galdu duten bidaiarien kexak areagotu egin dira sare sozialetan.
Agiri batean adierazitakoaren arabera, informatika sistema berrezartzen saiatzen ari da konpainia, atzo erabat erori ostean. Mundu osoko hegaldi ugaritan izan zuen eragina, baina gaur "Gatwick eta Heathrow aireportuetan ia zerbitzu normala" eskaintzea aurreikusi dute arduradunek.
Era berean, "lehenbailehen" dirua itzultzen eta atzo hegaldiak galdu zituzten bidaiariei erreserba berriak egiten saiatzen ari direla ere azaldu du British Airwaysek. Ordutegietan malgutasuna eskainiko dutela baieztatu dute.
Horrez gain, aireportuetara joan aurretik, hartutako hegaldien egoera web atarian begira dezaten eskatu diete bezeroei.
"Ustez argindar-horniduran izandako arazo batek" eragin zuen akatsa British Airwaysen sistema operatiboan. Horren ondorioz, Londrestik abiatzekoak ziren hegaldi guztiak bertan behera utzi behar izan zituzten, eta munduko aireportu askotan kaosa izan zen nagusi.
Aireportuetan geratu eta ekipajea galdu duten bidaiariak kexak helarazten ari dira sare sozialen bidez.