Mundua -
"Borondatezko erbesteratzea"
Bukarestera heldu dira Frantziatik kanporatutako lehen ijitoak
Ijitoen erbesteratzean EBko arauak errespetatzen dituztela erantzun dio Parisek Bruselari.
Erredakzioa
Frantziak kaleratutako lehenengo 14 ijito errumaniarrak Bukarestera heldu dira Parisetik ateratako hegazkin batean, Frantziako hedabideen arabera.
Era beran, gaur beste 60 ijito helduko dira Lyonetik (Frantziako ekialdea) ateratako beste hegazkin batean.
Hainbat hamarnaka ijito errumaniarrek borondatezko erbesteratzea onartu dute. Frantziako Gobernuak hegaldia doan eskaini die eta 300 euro eman die bakoitzari, eta 100 euro gehiago seme-alaba bakoitzeko.
Bihar beste 132 emigratzaile helduko dira Timisoara hirira, eta gainerako 160 lagunak datorren astea eta iraila bitartean erbesteratuak izango dira.
Frantzian legez kanpoko kanpamenduetan bizi diren eta jatorriz ijitoak diren Errumaniako eta Bulgariako 700 bat etorkin aberriratuko zituela jakinarazi zuen Parisek uztailean.
Frantziako ekimena gogorki kritikatu dute giza eskubideen elkarteek; izan ere, pertsonek Europar Batasunetik libreki bidaiatzeko duten eskubidearen kontra doa.
Erbesteratzea borondatezkoa izateak ez du kritikoak baretu, neurri arrazista dela uste baitute.
Ildo horretan, pertsonak libreki bidaiatzeko duten eskubidea errespetatzeko eskatu dio Europar Batzordeak Frantziari, eta Europako legedia beteko dela begiratuko duela ohartarazi dio.
Ijitoen erbesteratzean EBko arauak errespetatzen dituztela erantzun dio Parisek Bruselari.