Mundua -

Gatazka

Israel eta Palestinaren arteko negoziaketa, 'hurbil', AEBen ustez

Ekialde Hurbilerako Laukotea (AEB, Errusia, NBE eta EB) bakerako elkarrizketa zuzena bultzatzeko komunikatua plazatzea aztertzen ari da, elkarrizketak 2008ko abendutik bertan behera baitaude.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBetako Estatu Departamentuak "oso, oso hurbil" ikusten ditu israeldarren eta palestinarren arteko bake elkarrizketa zuzenak.

"Auzian daudenen erabaki batetik oso hurbil gaudela uste dugu" Philip Crowley Estatu Departamentuaren bozeramaleak egunero egiten duen prentsaurrekoan zabaldu duenez. Hala ere, "nondik norakoak landu" behar dituztela ohartarazi du, behingoz puntu horretara heltzeko.

"Ez dago eginda, egin arte, baina oso pozik gaude. Akordio bat lortzeko gutxi falta zaigula uste dugu", errepikatu du; Hillary Clinton Estatu idazkariak Nacer Judeh Jordaniako idazkariarekin hitz egin duela esan ostean. Clintonek Tony Blair Ekialde Hurbilerako Laukotearen bozeramalearekin ere hitz egin du, elkarrizketa zuzena bultzatzeko ahaleginetako batean.

Aurreko asteazkenean ere Salam Fayad Palestinar Aginte Nazionaleko ordezkariarekin (PNA) berbetan egon zen.

Ekialde Hurbilerako Laukotea (AEBek, Errusiak, NBEk eta Europar Batasunak osatzen dute) 2008ko abendutik bertan behera dagoen bake elakrrizketa zuzena babesteko komunikatua plazaratzea aztertzen ari da.

"Gure ustez, espero dugun puntura heltzekotan, Laukotearen kideek prozesua babesten dutela erakutsiko dute, guk prozesua babesten dugula erakutsiko dugu eta hortik aurrera zehaztuko dugu zein bide hartuko dugun", Crowleyren hitzetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea