Mundua -
Alarma faltsua
1.000 lagun baino gehiago zauritu dira Turinen izandako ihesaldian
Zortzi lagun egoera larrian daude, gainera. San Carlos enparantzan 30.000 lagun inguru ari ziren Txapeldunen Ligako fianala jarraitzen petardo bat lehertu denean.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez zortzi lagun larri zauritu dira gaur goizaldean Turinen bonba alarma faltsu batek eragin duen ihesaldi batean. Gainera, 1.000 lagun baino gehiago kaltetu dira eta zauri arinak izan dituzte. Ihesaldia Real Madrilen eta Turingo Juventusen arteko Txapeldunen Ligako finala jarraitzen ari ziren bitartean gertatu da.
San Carlos enparantzan 30.000 lagun inguru ari ziren futbol partidaren finala jarraitzen petardo bat lehertu denean. Antza, norbaitek bonba alerta faltsua izan dela adierazi du, eta bertan zeudenak korrika hasi dira. Zenbait lagun, gainera, altuera batetik behera erori dira, aparkaleku bateko baranda puskatu ondoren.
Zaurituen artean adin txikiko haur bat dago, eta haren egoera kritikoa da. Buruan eta bularrean zauriak ditu, iturri medikuek jakitera eman dutenez. Gainerako kaltetuen artean, 200 lagun inguruk, golpeak dituzte.
Larrialdi zerbitzuek jakitera eman dutenez, alerta amaitu da eta "okerrena pasa da".