Mundua -
Botoen %76,7 zenbatuta
Zalantza politikoak Australian gehiengorik gabeko hauteskundeen ostean
Behin betiko emaitzak egun batzuk barru ezagutuko dira. Momentuz, politikan adituek kontserbadoreen garaipena aurrikusten dute, 74 eserlekurekin, eta laboristek berriz, 71 eserleku lortuko lituzkete.
Erredakzioa
Australiako gobernuak hurrengo hiru urteetan izango duen kolorea ez dago batere argi, bi alderdi nagusiek ez baitute gehiengorik lortu larunbat honetako hauteskunde orokorretan.
Oposizio kontserbadoreak, Tony Abbot buru dutela, Julia Gillard lehen ministroaren Alderdi Laboristaren garaipen estua iragartzen zutenen iritzia hankaz gora jarri du.
ABC telebista kateak emandako behin behinezko zenbaketaren arabera, botuen %76,7 zenbatu ondoren, kontserbadoreek 72 eserleku lortuko lituzkete laboristen 70 eserlekuen aurrean.
Independenteek, ostera, lau eserleku lortu dituzte eta Berdeen Alderdiak eserleku bat. Gauzak horrela, Berdeek ordezkari bat izango dute lehen aldiz Parlamentuaren 150 urteetan.
Itxaroteko momentua da
Emaitza hauek baieztatzen badira, Australia zalantza politikoan murgilduko da, izan ere, alderdi politikoak gehiengoa lortzeko gai ez dira izan. Horretarako 76 eserleku irabazi behar dira.
Behin betiko emaitzak ezagutzeko egun batzuk iragan beharko dira. Politikan adituak direnek, kontserbadoreek 74 eserleku irabaziko dituztela aurrikusten dute, laboristek 71, independenteek lau eta Berdeek bat.