Mundua -
Erasoa Parisen
Notre Dameko terroristak bere kabuz egin zuen atentatua, Gobernuak dioenez
Gainera, aurretik ez zuen erradikalizazio seinalerik erakutsi. Tesia egiten ari zen Frantzian, 2014tik. Orain, ospitalean dago, zaurituta.
agentziak
Parisko Notre Dame katedraleko zabalgunean polizia bati eraso zion aljeriarra Metz Unibertsitateko ikaslea zen, ez zuen aurretik erradikalizazio seinalerik erakutsi eta, lehen ikerketaren arabera, bere kabuz egin zuen atentatua, Frantziako Gobernuko bozeramaleak adierazi duenez.
Hala, Christophe Castanerrek RTL irratian esan duenaren arabera, Farid I. izenez ezagututako gizon horrek ez zuen aurretik "erradikalizatutako" jarrerarik erakutsi baina, Notre Dameko erasoa dela eta egindako adierazpenak kontuan hartuta, ikertzaileek ekintza terroristatzat hartu dute.
"Hipotesi guztiek baieztatzen dute kasu bakana izan da", Castanerren esanetan. Gainera, azaldu duenez, zaila da horren moduko ekintzak aurreikustea.
Poliziak terroristaren etxebizitza miatu zuen atzo, Cergy Pontoiseko ikasle-egoitza batean, Parisko kanpoaldean.
Farid I. Aljerian jaio zen 1977an eta tesi bat egiten ari zen Frantzian, 2014tik, Pierre Mutzenhardt Metzeko Unibertsitateko presidenteak France Lorraine Nord irratian esan zuenaren arabera. Gaineratu zuenez, ez zioten ezer susmagarririk antzeman.
"Hedabideen lan egiteko modua Afrikako iparraldean, Tunisian, Aljerian, Marokon" aztertzen ari den tesian, Mutzenhardtek azaldu zuenez. Gainera, kazetari lanak egin zituela gaineratu du.
Erasotzailea ospitalean dago, polizia batek tirokatu ondoren. Erasoa jasan zuen agenteak, bere aldetik, zauri arina du buruan.
Estatu Islamiko kide
Frantziako Poliziak bideo bat aurkitu du erasotzailearen etxean, eta Estatu Islamikoko kide dela esaten du bertan.
Grabaketa horretan, LCIk jakitera eman duenez, erasotzaileak "etorkizuneko ekintzak" aldarrikatu ditu.