Mundua -
Audio komunikatu batean
Al Kaida: 'Libre daude eskaera batzuk bete egin direlako'
Espainiak bahiketa nola kudeatu duen goretsi dute terroristek. Frantziarentzat "eredugarria" izan behar dela gaineratu du, hauek izandako jarrerak Michel Germaneau bahituaren hilketa eragin baitzuen.
Erredakzioa
Al Kaidak Magreb islamiarrean duen taldeak audio komunikatua bidali zuen atzo El Pais egunkarira. Honen arabera, espainiar kooperanteen askapena posiblea izan da egindako eskaera batzuk bete egin direlako, eta hau "eredutzat" hartu beharko lukete Frantziako zerbitzu sekretuek.
Gauzak horrela, Espainiako Gobernuak gauzak nola egin dituen goretsi du Magreb Islamiarreko Al Kaidak, "lezioa eman diete Frantziako zerbitzu sekretuei". Azken honekin, komando frantziarrek eta Mauritaniako ejertzitoak Michel Germaneau kooperante frantziarra askatzeko egindako alferrikako erasoari erreferentzia egin diote.
El Paisen arabera, Roque Pascual eta Albert Vilalta aske eta leku seguru batean zeudenean iritsi zaie, audio formatoan eta arabieraz.
Egunkariaren web orrialdean irakur daitekeen itzulpenean, Salah Abu Mohamed talde terroristaren bozeramaleak, kooperanteak eskakizun batzuk bete direlako aske utzi dituztela azpimarratzen du.
"Frantziako zerbitzu sekretuei zuzendutako lezioa da, etorkizunean kontuan izan dezaten. Muyahidinekin zentzuz eta arduraz jokatzeko aukera izan zuten, eta bere hiritarraren hilketan eragina izan zuen eromena eta haserrea ekidin", esan dute.
Germaneau frantziarra Magreb Islamiarreko Al Kaidaren beste talde batek bahitu zuen, Saheleko basamortuan, eta uztaileko azken egunetan hil zuten, Frantziako komandoek eta Mauritaniako ejertzitoak egindako akzio armatuaren ondoren.