Mundua -
Indarkeria-bolada
Gutxienez 64 hildako eta 250 zauritu, hainbat atentatutan Iraken
-Hamaika leherketa eta eraso hainbat udalerritan.
-Bonba-autoak, 4 polizia-etxeen aurka.
-Hildako gehienak poliziak dira eta gutxienez, 15 zibil hil dituzte.
Erredakzioa
AEBen borrokarako tropak Iraketik joateko sei egun falta direnean, gutxienez 64 pertsona hil eta 250 inguru zauritu dira Iraken izandako hainbat atentatutan.
Hildako gehien eragin dituzten erasoak polizia-etxeen aurka izan dira.
Kut hiriko polizia-etxearen aurkako bonba-autoak gutxienez 23 hildako eta beste 60 zauritu eragin ditu, iturri polizialek jakinarazi dutenez.
Gutxienez 15 pertsona hil dira eta 58 zauritu Bagdadeko polizia-etxe baten aurkako atentatuan.
Karbalako beste polizia-etxe baten aurkako bonba-autoak 6 hildako eta 4 zauritu eragin ditu.
Basorako polizia-etxe batetik gertu zartaraziko bonba-autoaren ondorioz, 10 pertsona zauritu dira.
Horrez gain, gizon talde batek poliziaren kontrolgune bat erasotu du Irakeko hiriburuan eta polizia bat hil eta beste agente zauritu dituzte.
Gutxienez 15 zibil hil dituzte
Bagdaden hiru leherketa izan dira: bonba-auto batek 3 hildako eta 12 zauritu eragin ditu Al Kazimiya auzoan; Al Qarrada auzoan zartarazitako bi lehergailuaren ondorioz, beste 8 zibil zauritu dira; eta 3 zibil zauritu dira erdigunean izandako beste leherketa baten ondorioz.Bestalde, polizia auto bat Baqubako merkatutik igaro denean lehergailu bat eztandarazi dute eta militar bat hil eta beste bat zauritu da, Barne Ministerioak aditzera eman duenez.
Gainera, polizia auto gehiago bertaratu direnean, bigarren leherketa bat izan da eta 4 agente zauritu dira. Ordu erdi beranduago, hiru lehergailu aldi berean zartarazi dituzte eta ondorioz, zibil bat hil da eta bos lagun zauritu dira.