Mundua -
Iruzkina
Talibanek NATOren estrategia zapuztu dute
Obamak Afganistanera soldadu gehiago bidaltzea eskatu zuenean, Espainiako Gobernuak errefusatu egin zuen, baina guardia zibilen presentzia indartzea hitz eman zuen, polizia afganiarrak trebatzeko.
Jesusu Torquemada
Espainiako guardia zibilen kontra talibanek egindako erasoa kolpe zuzena da AEBen estrategiaren kontra. Guardia zibilak polizia afganiarrak prestatzen aritzen ziren.
Talibanei aurre egiteko Afganistango segurtasun indarrak eratzea da, hain zuzen ere, NATOren misioaren helburu nagusia. Horrela bakarrik lor daiteke mendebaldeko soldaduen erretiratzea, beraiek han egoteak ezertarako ez duela balio izan aditzera eman gabe.
Barack Obama AEBetako presidenteak iragarri duenez, soldadu estatubatuarrak Afganistandik erretiratzen hasteko asmoa du datorren urteko uztailean. Eta noski, amerikarrak joaten badira, bere aliatuek ere gauza bera egingo dute.
Baina AEBetan hasi da eztabaida. Zenbait agintari militarrek adierazi dute oso zaila izango dela kanpoko laguntzarik gabe datorren urteko uztailerako gobernuko indarrak herrialdearen segurtasunaz arduratzeko moduan egotea.
Atzo Qala i Naw herrian eginikoa bezalako erasoen bitartez, orain talibanen helburua da gobernuaren indarren trebakuntza galaraztea. Azaroari begira jarrita daude, orduan elkartuko baita NATO Afganistanekin zer egin erabakitzeko.