Mundua -

Estatu Islamikoa

ISISeko burua aire eraso batean hil ote zen ikertzen ari da Errusia

Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, litekeena da Errusiako abiazioak maiatzaren 28an egindako bonbardaketa batean Abu Bakr al Baghdadi hil izana.

Abu Bakr al Baghdadi Estatu Islamikoko burua. Argazkia: EiTB
Abu Bakr al Baghdadi Estatu Islamikoko burua. Argazkia: EiTB
ISISeko burua aire eraso batean hil ote zen ikertzen ari da Errusia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abu Bakr al Baghdadi Estatu Islamikoko (ISIS) buruzagia Errusiako abiazioak maiatzaren bukaeran Siriako Raqqa hiriaren kontra egindako aire eraso batean hil ote zen ikertzen ari da Errusiako Defentsa Ministerioa. Raqqa Estatu Islamikoak Sirian duen gotorleku nagusia da.

Tass albiste agentziak zabaldutako informazioaren arabera, Errusiako hegazkinek Estatu Islamikoaren aurka Raqqa hirian egindako eraso bat aztertzen ari da Errusiako Defentsako Estatu Nagusia.

Errusiako hegazkinen aire erasoa maiatzaren 28an gertatu zen, eta talde terroristako goi kargudunen bilera bat zuen helburu. Errusiaren hipotesiaren arabera, litekeena da bilera hartan Abu Bakr al Baghdadi Estatu Islamikoko buruzagi nagusia egotea.

Nazioarteko koalizioak eta Siriako agintariek ez dute Abu Bakr al Baghdadiren heriotza baieztatu

AEB buru duen nazioarteko koalizioaren izenean Joe Scrocca koronelak adierazi duenez, oraingoz ezin du informazio hori baieztatu.

Bestalde, milizia kurdo-siriar nagusiaren esanetan —YPG Herriaren Babes Unitateen Kontseilu Militarra—, ez dauka nahikoa informazio Baghdadiren heriotza baieztatzeko.

Ildo berean mintzatu dira Siriako agintariak ere, eta hedabide ofizialek Errusiako Defentsa Ministerioak zabaldutako informazioa zabaldu baino ez dute egin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gerra Siria Errusia bideoak Estatu Islamikoa Gaurko azken ordukoa Siria gaur