Mundua -
Sutea Grenfell dorrean
Londresko sutean hildakoen kopurua 30era igo dute
Dagoeneko identifikatu dute lehendabiziko biktima. 23 urteko errefuxiatu siriarra ingeniaritza zibila ikasten ari zen, eta 14. solairuan zegoen sua piztu zenean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Londresko Poliziak gaur jakitera eman dituen datuen arabera, 30 pertsona hil dira Londresko Grenfell dorrean izandako sutean, Stuart Cundy Londresko Poliziako komandanteak prentsaurrean adierazi duenez. Hondakinen artean bizirik inor ez egotea uste dutela gaineratu du.
Era berean, Erresuma Batuko Poliziak onartu du, litekeena dela asteazkenean Londresko Grenfell dorrean piztutako sutean hildako hainbat pertsona identifikatzea ezinezkoa izatea.
Stuart Cundyren esanetan, "tamalez, oso litekeena da biktima guztiak ezin identifikatu ahal izatea". Halaber, hildakoen kopurua "hiru zifratik" gora ez pasatzea espero duela gaineratu du.
Hirugarren egunez jarraian, suhiltzaileak Grenfell dorreko solairuak berrikusiko dituzte —120 apartamentu ditu—. Bitartean, geroz eta ozenago entzuten dira Erresuma Batuko eraikinen segurtasunaren kontrako kritikak.
Grenfell dorreko hainbat bizilagunek salatu dutenez, sutearen kontrako alarmak ez ziren piztu. Bestalde, eraikinaren estalkia polietilenozkoa izatea kritikatu dute, material horrek garrak azkarrago zabaltzea eragin zuela argudiatuta.
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak ikerketa ofizial bat abiatu du, sutearen zergatien "muinera" heltzeko eta etorkizunean horrelakorik berriro ez gertatzeko.
Oraingoz ez dago argi sua nola piztu zen, baina, zenbait lekukoren arabera, litekeena da sua laugarren solairuan piztu izana, 00:15ean.
Dagoeneko identifikatu dute lehendabiziko biktima: Mohammed Alhajali, 23 urteko errefuxiatu siriarra. Zabaldu dutenez, ingeniaritza zibila ikasten ari zen, eta 14. solairuan zegoen sua piztu zenean.