Mundua -
Iruzkina
Mendebaldeko Sahara: dena berdin
Ez dago inongo eboluziorik, eta ez dirudi laster egongo denik. Marokok Sahara kolono marokoarrekin betetzen jarraitzen du eta independentziaren aldeko protestak zapaltzen.
Jesus Torquemada
Sahara defendatzen duen espainiar taldeari egindako erasoek, atxiloketek eta kanporaketek balio izan dute Mendebaldeko Sahara gogoratzeko. Izan ere, han ez dago inongo eboluziorik, eta ez dirudi laster egongo denik.
Marokok Sahara kolono marokoarrekin betetzen jarraitzen du eta independentziaren aldeko protestak zapaltzen. Polisarioaren su-etenak hogei urte beteko ditu eta aukeratutako bide baketsuarekin ez du inongo fruiturik lotu.
Christopher Ross Nazio Batuen Erakundeak bidalitako estatubatuarrak ez du pausoa eman orain dela bi hamarkada egin behar zen erreferendumaren plana aurkezteko. Polisarioak independentziaren inguruko erreferenduma nahi du, bai ala ez bozkatzeko. Marokok, berriz, Mohamed VI. erregeak aurkeztutako autonomia proiektua berronesteko. Marokok kolonoak erroldan agertzen badira bakarrik onartuko du erreferenduma egitea.
Mundu guztia trikimailuaz konturatu da, baina Maroko AEBek eta Frantziak babesten dute. Eta Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluko gainontzeko kideei, hau da, Errusiari, Txinari eta Britainia Handiari gai hau berdin zaie.
Hori dela eta, egoera honetan, ez da espero Nazio Batuen Erakundea benetan inplikatuko denik arazoaren konponketan.