Mundua -

7 urteren ondoren

AEBek gaur amaituko dute Irakeko gerra-tropen erretiratzea

Iraken Askatasuna Operazioa 2003ko martxoaren 20an hasi zuen George W. Bush presidenteak eta Obamak amaituko du, hauteskunde kanpainan hitz emandakoa betez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur amaituko da ofizialki AEBen gerra misioa Iraken, Iraken Askatasuna Operazioa alegia, eta AEBen Armadak indar irakiarrei utziko die agintea.

Iraken Askatasuna Operazioa 2003ko martxoaren 20an hasi zen, George W. Bush AEBetako presidente zenean. Sadam Husein urkatuta hildako diktadoreak suntsipen ahalmen handiko armak zituela uste zuen eta hori Mendebaldearentzat arriskutsua zelako hasi zuen misioa.

Baina hilabeteak pasa ahala, AEBetako Gobernuak ez zuen aipatu armarik aurkitu, eta gerraren kontrako jarrerak gora eta presidentearenganako konfiantzak behera egin zuen estatubatuarren artean. Hori horrela, errepublikanoek galdu egin zuten Gobernuko agintea eta hauteskundeak Barack Obamak irabazi zituen.

Presidente demokratak hauteskunde kanpainan hitz eman zuen AEBen tropak 2010eko abuztua amaitu aurretik joango zirela Iraketik, eta badirudi hitza beteko duela.

Gaur bi ekitaldi egingo dituzte misioaren amaiera iragartzeko. Obamak hitzaldia emango du Etxe Zuritik eta Bagdaden agintea Irakeko indarren esku uzteko ekitaldi sinbolikoa egingo dute.

Hala ere, 50.000 soldadu estatubatuarrek Iraken jarraituko dute 2011ko abendua arte, trantsizio operazio baten baitan. Irakeko segurtasun indarrak trebatzeko lan egingo dute, terrorismoari aurre egin diezaioten eta zibilak babes ditzaten.

Milaka hildako

4.400 soldadu estatubatuar baino gehiago hil dira AEBen misioa hasi zenetik, eta Iraq Body Count gobernuz kanpoko erakundeak dio irakiarren artean 100.000 inguru direla 2003tik hil direnak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea