Mundua -
Brasil
Brasilgo Fiskaltzak Temerren kontrako salaketa jarri du, ustelkeriagatik
Brasilgo Auzitegi Gorenean lehen aldiz aurkeztu dute salaketa bat karguan den presidente baten kontra.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Rodrigo Janot Brasilgo prokuradoreak Michel Temer Brasilgo presidentearen eta Rodrigo Rocha Loures PMDB Brasilgo Mugimendu Demokratikoaren Alderdiko diputatu ohiaren kontrako salaketa aurkeztu zuen atzo Auzitegi Gorenean (TSF), ustelkeria pasibo delitua leporatuta.
Temer kargutik kentzeko eskatu dio Janotek Gorenari, "nagusiki, Estatuari eta gizarteari iruzur egin diolako", O Globoren G1 atariak zabaldu duenez.
Salaketarekin batera aurkeztutako dokumentuaren arabera, auzia Diputatuen Ganberara eramateko eskatu dio prokuradore nagusiak Edson Fachin epaileari. Aurrez, 15 eguneko epea dute bi akusatuek beren bertsioa emateko.
Brasilgo presidentearen kontrako salaketa aurkeztuta, orain Auzitegi Gorenari dagokio erabakia hartzea. Auzitegi Gorenean lehen aldiz aurkeztu dute salaketa bat karguan den Brasilgo presidente baten kontra.
Kode Zibilaren arabera, ustelkeria pasibo delituagatik 2 eta 12 urte arteko kartzela zigorra ezarri diezaiekete.
Bestalde, beste auzi batean ere ikertzen ari dira Temer, justiziari oztopo egitea eta erakunde kriminal bateko kide izatea egotzita.