Mundua -
Inmigrazioa
Frantzia: 'Pertsonen zirkulazioa ezin da baldintzarik gabekoa izan'
Erkidegoko zuzenbidearen eta "Errepublikaren balioen" arteko bateragarritasuna defendatu du Frantziak Bruselan.
Erredakzioa
Errumaniako eta Bulgariako milaka ijito kanporatzeko aginduaren harira, Eric Besson Frantziako Inmigrazio ministroak Bruselan esan du pertsonen zirkulazio librea ezin dela baldintzarik gabekoa izan.
"Pertsonen zirkulazio librea europarren garaipen handia izan da, baina ezin da baldintzarik gabekoa izan, ezta zilegiak ez diren ekintzak egiteko aitzakia ere, legearen aurka pertsonekin trafikatzeko, esate baterako", esan du Bessonek Cecilia Malmstrom eta Viviane Reding Europar Batasuneko Barne eta Justizia komisarioekin bildu ostean.
Europar Batasuneko zuzenbidean eta Lisboako Itunean ez da inon agertzen pertsonen zirkulazio librea eta "Batasuneko herritarren erregularizazioa arauz kontra" gauza bera direnik.
Europako Legeak pertsonen zirkulazio librearen inguruan zenbait salbuespen ezartzen ditu, besteak beste, ordena publikoaren mehatxu errepikatua izatea, gizarte segurantzarentzat gehiegizko zama izatea edo herrian gelditzeko baliabide nahikorik ez izatea.
Elkarren arteko kooperazio judiziala indartzea, pertsonekin trafikatzen duten mafien aurka borrokatzea eta ijitoak gizarteratzeko plana bultzatzea adostu dute Bessonek eta Malmstromek.
Bessonek ukatu egin du "taldekako deserritzeak" egin dituztela eta deserritze bakoitzaren atzean epaile baten agindua dagoela adierazi du.
Zenbait kanporatze agindu bertan behera utzi dituzte
Epaitegi frantziar batek joan den ostegunean kanporatutako zazpi ijitoren aurkako deserritze agindua bertan behera utzi du, Le Monde egunkariaren arabera.
Joan den ostiralean epaitegi batek "ordena publikoa asaldatzeagatik" Errumaniako lau ijitoren aurkako kanporatze agindua bertan behera utzi zuen; eta asteartean beste hiru ezeztatu zituen.
2009ko uztailean Versailleseko apelazio epaitegiak emandako erabaki batean oinarrituta, lur-eremu publiko edo pribatu baten legez kontrako okupazioa "ez da mehatxu nahikoa ordena publikoarentzat".
Norbert Clement zazpi ijitoen abokatuaren hitzetan, kanporatze aginduak desordena publikoaren eta osasun-egoeraren asaldatzean oinarritzen ziren.