Mundua -
Ekialde Hurbila
Lau israeldar hil dituzte Zisjordanian, negoziazioak hasi baino lehen
Baliteke bakea lortzeko negoziazioei sabotajea egiteko saiakera bat izatea; izan ere, ostegunean bakea lortzeko negoziazioei beste bultzada bat emango diete Washingtonen.
Erredakzioa
Lau israeldar hil dituzte Hebron (Zisjordania) hiritik gertu dagoen errepide batean arma automatikoak erabiliz. Antza denez, palestinarren sabotaje saiakera bat izan da; izan ere, datorren ostegunean bakea lortzeko negoziazioei bultzada berri bat emango diete Washingtonen.
Erasoa Kiriat Arba asentamenduaren parean gertatu da, 60 errepidean, Zisjordania hegoaldetik iparraldera zeharkatzen duen errepidean, hain zuzen, Israelgo Maguen David Adomek (Gurutze Gorria) jakinarazi duenez.
Biktimak familia bereko 25 eta 40 urteko bi gizon eta adin bereko bi emakume izan dira. Tirokatuta hil dira, 19:30ean, euren ibilgailuan asentamendurako bidean zihoazela.
"Lau pertsona hil dituztela baieztatu dezaket", esan du Miki Rosenfeld Poliziaren bozeramaileak.
Mahmud Abas presidentearekin lotura duen Al Aksako Martiren Brigadak hartu du bere gain erasoa. Ostegunean, Benjamin Netanjahu Israelgo lehen ministroak eta Mahmud Abbas Palestinako presidenteak negoziazioei ekingo diete berriro Washingtonen, bakea lortzen saiatzeko.
Hamasekin lotura duen Azedin Al-Qasam Brigadak ere bere gain hartu du erasoa. Gazako kazetariei bidalitako mezu batean eta posta elektronikoz erasoa aldarrikatu dute.