Mundua -
Washington
Obamak ez du 'garaipen'tzat jo Irakeko gudaren bukaera
AEBetako presidenteak Irakeko gudaren amaiera aldarrikatuko du herritarren aurrean. Aurretik, Texasera bidaiatu da Iraketik itzuli diren soldaduekin biltzeko.
Erredakzioa
Barack Obama AEBetako presidenteak Irakeko gudaren amaiera aldarrikatzeko hitzaldia emango die herritarrei. Dena den, Obamak ez du "garaipentzat" jo; izan ere, asko gelditzen da Iraken egiteko.
Hitzaldia eman baino ordu batzuk lehenago, presidentea Fort Blissera (Texas) joan da Iraketik itzuli diren soldaduekin egoteko eta gudan egindako lana eskertzeko. Halere, Afganistanen oraindik ere zereginik badela eta neke gehiago eskatuko dietela ohartarazi die militarrei eta senideei.
Obamaren hitzetan, orain erantzukizuna Irakeko herritarren esku dago. Iraken gelditzen diren 50.000 soldaduak 2011ko bukaeran bueltatuko dira.
"Subirano eta independentea"
Nuri al Maliki Irakeko lehen ministroak herrialdea "subirano eta independentea" dela adierazi du gaur, asteartea, AEBk konbate misioak amaitutzat eman dituen egunean.
"Irakiarrak, festa nacional berriarekin hitzordua daukazue, zuen herriaren subiranotasuna berreskuratu eta etorkizuna zuen eskuetan duzue. Irak subirano eta independentea da gaur", esan du Malikik hiritarrei zuzendutako hitzaldian.
Konbateen amaierak ez du, hala ere, AEBko tropak Iraketik aterako, momentuz behintzat. Soldadu batzuk bertan jarraituko dute aholkulari eta trebatze lanetan. Behin betiko erretiratzea 2011rako aurrikusita dago.
Gaur emandako aurrera pausoarekin, Obamak Presidentziarako azken hauteskundeetan emandako hitza bete du, ozta-ozta bada ere: Irakeko misioarekin amaitzea.
AEBtako tropak 2003ko martxoaren 20an sartu ziren Iraken, George W. Bush presidentearen agindupean, eta Iraken Askatasuna Operazioa lelopean. "Suntsipen handiko arma" ospetsuen bilaketak emaitzarik ematen ez zuen bitartean, hildakoen kopuruak gora egiten zuen etengabe, herritarrek hasieran zuten gerraren aldeko oniritzia aldatuz.