Mundua -
Hitzaldia Etxe Zuritik
Obamak amaitutzat eman du Irakeko gerra
Presidente estatubatuarraren esanetan, AEBek "garesti" ordaindu dute Irakeko etorkizuna "bertako herritarren esku" utzi izana.
Erredakzioa
Barack Obama AEBetako presidenteak amaitutzat eman ditu gaur goizaldean (Euskadiko ordua) Irakeko borroka misioak, Etxe Zuriko bulego nagusitik eskainitako hitzaldi batean. Duela zazpi urte, bulego horretatik bertatik abiatu egin zuen guda George W. Bush presidenteak.
"Gaur gauean, Irakeko gerra misio estatubatuarrak amaitu egin direla iragartzen ari naiz. Orain, Irakeko herriak hartu behar du bere gain herrialdearen segurtasuna", gaineratu du, ikusle gehieneko orduan emandako hitzaldian.
Presidentearen esanetan, AEBek "bete" egin dute euren erantzukizuna, eta orain "aurrera egiteko unea" da.
Obamak gogora ekarri du Iraketik soldaduak erretiratuko zituela 2008an agindu zuela, hots, oraindik presidentegaia baino ez zenean, eta orain, otsailean aurkeztu zuen plan bati jarraiki, hitza bete besterik ez duela egin gaineratu du.
Soldadu estatubatuarrak etxera bueltan eramatea ez ezik, Irakeko segurtasun zerbitzuak indartzea eta herrialde hartako Gobernua eta herritarrak babestea ere aurreikusi zuten aipatu planean.
"Eta hori da, hain zuzen ere, egin duguna. 100.000 soldadu inguru erretiratu ditugu, ehunka base militar itxi edo irakiarren esku utzi ditugu eta milioika tresna eraman ditugu", adierazi du agintariak.
Bestalde, Obamak gobernu nazional berria osatzeko bidean "premia handiz" aurrerapausoak emateko deia egin die Irakeko agintariei. Exekutiboa, gainera, "bidezkoa eta ordezkatzailea" izan behar dela eta "irakiarren menpe" egon behar dela erantsi du.
Obamaren ustez, gerra amaitu izana onuragarria da bi herrialdeentzat. Izan ere, AEBek "garesti" ordaindu dute Iraken etorkizuna "bertako herritarren esku" utzi izana.
Azkenik, presidenteak eskertu egin du Iraken "ausart" aritu diren soldaduek egindako "sakrifizioa".
Zazpi urteko gerra honetan 100.000 irakiar baino gehiago hil dira, Iraq Body Count GKEren arabera. AEBetako Armadari dagokionez, 4.400 soldadu baino gehiago dira hildakoak.