Mundua -
Europako Parlamentuan
Helmut Kohli azken agurra eman diote Estrasburgon
Joan den ekainaren 16an hildako kantziler ohia Europar Batasunaren sustatzaileetako bat izan zen, eta bi Alemaniak batzeko prozesuaren 'aita'.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Helmut Kohl Alemaniako kantzilerra izandakoari azken agurra eman diote larunbat honetan Europako Parlamentuak Estrasburgon duen egoitzan. Joan den ekainaren 16an hil zen Kohl. 1982 eta 1998 urteen artean Alemaniako gobernuburua izan zen, Europar Batasunaren sustatzaileetako bat eta bi Alemaniak batzeko prozesuaren 'aita'.
Estrasburgon izandako omenaldian Juan Carlos eta Sofia Errege-Erreginak izan dira, eta Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohia.
10:35ak aldera kantzilerraren hilotza Europako Parlamentura iritsi da, eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Maike Kohl-Ritcher Kohlen alargunak harrera egin diote. Ohorezko Guardiaren zortzi kidek gorde dute hilkutxa, gainean Europako bandera zuela.
Europako erakundeen hiru presidenteek (Jean-Claude Juncker Europar Batzordekoak, Donald Tusk Europako Kontseilukoak eta Antonio Tajani Europako Parlamentukoak) hitzaldi ofizialak egin dituzte. Jarraian Kohl omentzeko bideoa proiektatu dute.
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak hitzaldi-sorta itxi du. "Bere ondareari eustea egokitzen zaigu", nabarmendu du Merkelek.
Estrasburgoko Unibertsitatearen Orkestrak amaiera eman dio ekitaldiari, Alemaniako eta Europako ereserkiekin. Kohlen hilotza Speyer hiri alemaniarrera eramango dute, eta bertan lurperatu, katedralean meza egin ostean.