Mundua -
Bavaria
18 hildako Alemanian, autobus batek talka egin eta su hartu ostean
Autobusean 48 pertsona zihoazela talka egin du kamioi baten aurka, antza, astiro zihoalako.
Agentziak | erredakzioa
Gutxienez 18 pertsona hil eta beste 30 zauritu dira, horietatik batzuk larri, autobus batek kamioi baten aurka talka egin eta su hartu ostean, Alemania hegoaldeko autobide batean. Alemaniako Gobernuak eta Poliziak ziurtzat jo dute desagertuta zeuden 18 pertsonak su hartu duen autobus barruan hil direla. Bestalde, Alexander Dobrindt Garraio ministroak adierazi duenez, oraingoz hamaika hilotz berreskuratu dituzte.
Azaldu dutenez, erreskate taldeak falta diren zazpi pertsonaren gorpuak erreskatatzeko lanean ari dira.
Alexander Dobrindt Garraio minstroak Joachim Herrmann Alemaniako Barne ministroarekin batera eskaini duen prentsaurrekoan azpimarratu duenez, sutearen tamaina hain izan da handia ez dela material suharberarik gelditu autobus barruan, ibilgailuaren txasisa baino ez.
Argazkia: EFE
Sugarrek eragindako beroaren eraginez, salbamendu taldeek ezin izan dute erreskate saiakera bat egiteko autobusera gerturatu. Hori dela eta, lehenik eta behin sua itzaltzen jarri dute arreta.
Herrmannek nabarmendu duenez, biktimen senideen arretarako gune bat egokitu dute Municheko aireportuan eta Polizia eta forentseak, berriz, gorpuak identifikatzeko lanetan ari dira.
Istripua A9 autobidean jazo da, Stammbachen (Bavaria) 07:00etan. Autobusak (46 bidaiari eta bi gidari zihoazen) kamioiaren atzealdea jo du, antza denez, astiro zihoazelako, zirkulazio handiagatik.
Ondorioz, zirkulazioa eten egin dute A9an bi noranzkoetan. Gainera, erreskate zerbitzuak, suhiltzaileak eta Polizia bertaratu dira, baita hainbat helikoptero ere.
Argazkia: EFE