Mundua -
Protesta Frantzian
Milioi bat manifestari baino gehiago, pentsioen erreformaren kontra
Kongresuan erreformaz eztabaidatzen ari direnean, Sarkozyk esan du erretiroa hartzeko adina, ika-mika handiena piztu duen neurria, ez dela aldatuko,
Erredakzioa
Frantziako sindikatuek pentsioen erreformaren kontra deitutako manifestazioek milioi bat pertsona baino gehiago bildu dituzte Estatuko zenbait hiritan, Poliziaren datuen arabera.
Greba horrekin, herritarrak Gobernuak abiatu nahi duen pentsioen erreformaren kontra daudela utzi nahi izan dute agerian sindikatuek. Besteak beste,erretiroa hartzeko adina atzeratu nahi du Gobernuak; 60 urtetik 62ra.
Frantziako Gobernuak egungo pentsio sistema erreformatzearen "eraginkortasuna" eta "zilegitasuna" defendatu du, baina Eric Woerth Lan ministroak aitortu duenez, "pentsioak erreformatzea ez da inoiz erraza izan".
Ministroaren esanetan, "kotizaziopeko pentsio sistema gure ondare sozialaren zati bat da, eta Gobernuak mantendu eta bermatu egin nahi du". "Aldatzen ez badugu, baina, ez da diru nahikorik egongo frantsesen pentsioak ordaintzeko ", adierazi du Woerthek.
Polemika handiena piztu duen neurriari dagokionez, Woerthen iritziz, "60 urtetik 62ra atzeratuko da bizitza aldatu egin delako; gaur egungo bizi-itxaropena handiagoa da eta naturala da lan-bizitza luzatzea". Horrek pentsio osoa jasotzeko adina 65 urtetik 67ra atzeratzea eragingo du, eta horretaz ari dira diputatuak eztabaidatzen.
Sarkozyk ohartarazi duenez, puntu horretan ez da aldaketarik izango, funtzionarioen kotizazio-tasa ere ez da handituko (sektore pribatuko langileekin parekatzeko) eta 41 urtetik 41,5era luzatuko da kotizazio-epea, pentsio osoa jasotzeko eskubidea izateko,.
Halere, baliteke Gobernuak kontzesioren bat egitea. Lan gogorrenak egiten dituztenak, erretiroa hartzeko adinera heldu baino lehen kotizatzeko epea bete dutenak eta euren lan-bizitzan Gizarte Segurantzaren erregimen ezberdinetan kotizatzeagatik penalizatuta daudenak konpentsatzen saiatuko dira.