Mundua -
Iruzkina
Garrantzizko bi mugimendu Europar Batasunean
Frantziatik ijitoak kanporatzearen auziaz eztabaidatu zen Europako Legebiltzarrean. Bestalde, Estatu bakoitzaren aurrekontuak Europako Batzordearen azterketa jaso beharko dute.
Jesus Torquemada
Dirudiena baino garrantzi handiagoa duten bi gauza gertatu ziren atzo Europar Batasunean. Alde batetik, Frantziatik ijitoak kanporatzearen auziaz eztabaidatu zuten Europako Legebiltzarrean. Beste aldetik, datorren urtetik aurrera, Estatu bakoitzaren aurrekontuak Europako Batzordearen azterketa jaso beharko duela erabaki zuten ekonomia ministroek.
Europako Legebiltzarrak gaitzetsi egin du ijitoen kanporatzea eta gogor gaitzetsi du gainera, Frantziako Gobernuaren erabaki horrek Europako legeak urratzen dituela esanez, eta Europako Batzordea kritikatzen du Frantziaren aurka gogorrago ez ekiteagatik.
Europako hiritarren ordezkari bezala duen betebeharrean sinesten duela eta Lisboako Itunak eman zizkion botere berriak erabiltzeko prest dagoela erakusten du modu horretan Europako Legebiltzarrak.
Ekonomia ministroei dagokienez, haien erabakia iraultzailea da. Orain arte bezala, herrialde bakoitzeko gobernua izango da aurrekontua egingo duena, eta bere Legebiltzarra aurrekontu hori onartuko duena; baina hemendik aurrera aurrekontu horiei buruzko iritzia emango dute Europako erakundeak.
Neurri horren helburua, Greziarekin gertatu dena berriro ez errepikatzea, hau da, estatu batek bere gehiegizko defizita tapatzeko beste herrialdeen laguntza behar izatea. Etorkizunean Europako Gobernu Ekonomikoa izan daitekeenaren ernamuina da.