Mundua -
Misilekin egindako erasoa
Lau pertsona hil dira AEBek Pakistanen egindako eraso batean
Erasoa matxinoen ustezko zentro baten kontra egin dute, Danday Darpakhel inguruan, Afganistaneko mugan.
Erredakzioa
Gutxienez lau pertsona hil eta bi zauritu dira tripulatuta ez zegoen hegazkin estatubatuar batek Pakistan iparraldeko Waziristan eskualdean misilez egindako eraso batean, Express TV kate pribatuaren arabera.
Erasoa matxinaoen ustezko helburu baten kontrakoa izan da, eta Danday Darpakhel inguruan egin dute, Afganistanen mugan dagoen eskualdean, Express agentziak bere iturriak aipatu barik kaleratutako datuen arabera.
AEBetako hegazkin espioiek maiz egiten dituzte horrelako ekintzak Waziristan eskualdean, Al Kaida sare terroristaren kideak eta talibanak (Pakistangoak zein Afganistangoak) ezkutatzen baitira bertan.
Pakistango Armada taliban matxinoen kontra borrokan ari da ipar-mendebaldeko gune gatazkatsuan eta muga aldean bizi diren tribuen inguruko lurraldeetan, bertan izan ezik. Hala ere, Washingtonek hilabeteak daramatza Islamabad presionatzen inguru horretan operazio militar bat abiatu dezan.
Ramadan hilabete sakratuaren azken egunekin bat eginez, Pakistango integristek eraso sorta bat egin dute azken astean Asiako herri hartan segurtasun-indarren eta musulman gutxiengoen kontra. Gutxienez, 130 pertsona hil dira eraso horien ondorioz,
Azken atentatua atzo izan zen, ipar-mendebaldeko Kohat herrian. Bertan, suizida batek 18 pertsona hil eta 76 zauritu (emakumeak eta haurrak barne) zituen Poliziaren bizitegi-auzo batean immolatuta, Poliziaren esanetan.