Mundua -
AEBetan
Armadako homosexualen kontrako legea atzera bota du epaile batek
Epaile batek 1993ko arau bat bertan behera utzi du, Armadan sartzen diren gay eta lesbianak beren sexualitatea aho betean esateko aukera izan dezaten.
Erredakzioa
Kaliforniako epaile batek Ameriketako Estatu Batuetako Armadan dauden homosexualak beren sexualitatea aho betean esatea debekatzen dien legea atzera bota zuen ostegunean.
Epaia egunaren azken orduetan eman zen. Virginia Phillipsek bertan behera utzi zuen ''Don''t ask, don''t tell'' (''ez galdetu, ez erantzun'') izenarekin ezagutzen den araua. 1993an onartu zuten legea da, eta gay eta lesbianak Armadan sartu ahal izateko ezin zuten bere sexualitatea publikoki esan.
Log Cabin Republicans taldeak, homosexualen eskubideak defendatzen dituen erakunde kontserbadoreak, aurkeztutako demandari Justiziak emandako erantzuna da. Clarke Cooper taldeko zuzendariaren ahotan, erabakia "garaipena da Amerikako Estatu Batuetako soldaduentzat". Horregatik, Cooper "pozik" agertu da epaiarekin.
AEBetako Konstituzioaren lehen eta bosgarren zuzenketen aurka doa araudia eta Armadako kideen oinarrizko eskubideak urratzen ditu "arrazoi askorengatik", epailearen esanetan.
86 orrialdeko epai batean legeak Armadaren prestakuntzan eragiten duela azaldu du Phillips epaileak. Gainera, indar armatuentzat "efektu kaltegarria" du arauak, The New York Times jakitera eman duenez.