Mundua -

Uztailaren 15eko estatu kolpea

Makro-epaiketa Turkian, 2016ko estatu kolpe saiakeraren harira

486 akusatu daude. Fiskaltzak biziarteko 330 kartzela zigor eskatu ditu kolpearen ustezko arduradunentzat.

Akusatuetako batzuk, epaiketaren hasieran. EFE
Epaiketa Turkian. EFE
Akusatuetako batzuk, epaiketaren hasieran. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

486 pertsona, akusatuen aulkian. Turkian inoiz egin den epaiketatik handienetakoa abiatu da abuztuaren 1ean, Ankaran. 2016ko uztailaren 15ean estatu kolpe ahalegina zuzendu zuten militarrak epaituko dituzte datozen egunetan.

Hainbat delitu egotzi dizkiete. Besteak beste, "Konstituzioa urratzea, presidentea hiltzen saiatzea, Gobernua deuseztatzen saiatzea, erakunde armatu terrorista bat koordinatzea, base militarrak indarrez hartzea, hiltzea eta hiltzen saiatzea". Fiskaltzak biziarteko 330 kartzela zigor eskatu ditu ustezko 45 buruzagientzat.

Akusatu gehienak goi mailako militarrak dira. Akinciko base militarra indarrez hartzea eta Turkiako Parlamentua eta estatuko beste eraikin batzuk bonbardatzeko agindua eman izana egotzi diete.

Akusatu gehienak behin-behineko espetxealdian dira. 18 aske daude, eta zazpi, ihes eginda.

Estatu kolpe saiakeraren ustezko buruari, Fethullah Guleni, auzi-iheseko epaiketa egingo diote. Gulen AEBn dago, eta akusazio guztiak ukatu ditu.

Segurtasun neurri zorrotzekin hasi da epaiketa Sincaneko auzitegian (epaiketa honetarako propio eraikia). Kanpoaldean, 50 bat lagunek —gehienak estatu kolpe saiakeran hildako 248 pertsonen senitartekoak— protesta egin dute, eta heriotza zigorra eskatu dute akusatuentzat. Nonbait Recep Tayyip Erdogan zigor hori berriz ezartzekoa da.

Turkiako Gobernuaren arabera, 248 heriotzetatik 77ren erantzule dira akusatuak.

Epaiketak hilabete inguru iraungo du. Epe horretan, 400 bat ordezkari eta politikariri deklarazioa hartuko diete, tartean Erdogani berari eta Hulusi Akar Estatu Goreneko buruari.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Albisteak Turkia albisteak