Mundua -
51 bidaiari zeramatzan
15 lagun hil eta beste 36 zauritu dira Venezuelako hegazkin istripuan
Hegazkinak 51 lagun zeramatzan, 47 bidaiari eta lau tripulatzaile, Bolivar estatuko gobernadoreak jakitera eman duenez.
Erredakzioa
15 lagun hil eta beste 36 zauritu dira Ciudad Guayanan atzo gertatutako hegazkin istripuan, Francisco Rangel Gomez Bolivar estatuko gobernadoreak jakinarazi duenez. Conviasa Venezuelako konpainiako hegazkina Margarita uhartetik zetorren.
Hegazkinak 51 lagun zeramatzan, 47 bidaiari eta lau tripulatzaile, Rangelek azaldu zuenez.
Zaurituak inguruko ospitaletara eraman zituzten, baina batzuek dituzten zaurien larritasuna ikusita Caracasera eramatea ez du baztertu Bolivar estatuko gobernadoreak.
Kontrola galdu dute pilotuek
51 lagun zeramatzan hegazkinak "kontrola galdu" zuenean jazo zen istripua, Rangelek azaldu duenez. Antza denez, kontrol horren galera Ramiro Caceres pilotuak baieztatu eta handik gutxira lurra jo zuen hegazkinak.
ATR-42 hegazkinak ez du hildakorik eragin lurrean, nahiz eta Siderurgica del Orinoco (Sidor) enpresaren sarreretako batetik gertu erori.