Mundua -
Ijitoen kanporatzea
Bruselak espedientea egingo dio Frantziari diskriminazioarengatik
Frantziaren ustez, Europaren "kritikek" ez dute "ijitoen etorkizuna hobetuko". "Ez da eztabaidarako une aproposa, orain ijitoen alde lan egin behar dugu", adierazi dute.
Erredakzioa
Europako Batzordearen presidenteordea eta Justizia arduradunak, Viviane Redingek, ijitoen kanporatzea programan uda honetan agintariek egindako diskriminazioarengatik hurrengo asteetan Frantziari espedientea egingo diola esan du.
Redingen esanetan, "ziur nago Batzordeak ez duela beste aukerarik izango, eta urratze-prozedura hasi beharko du Frantziaren kontra". "Nire pazientzia amaitzen ari da. Aski da. Estatu kidea dena ezin du tratu espeziala izatea espero Europako funtsezko balioak eta legeak arriskuan daudenean", gaineratu du.
Bruselak Frantziaren kontra irekiko duen espedienteak "pertsonen joan-etorri askearen inguruko zuzentaraua bereizketak eginez aplikatu izana" eta "joan-etorri askearen inguruko zuzentarauan jasotako prozedura bermeen transposizioa egin ez izana" izango ditu oinarrian, Justizia arduradunaren esanetan.
Reding adierazi duenez, Frantziaren kontrako urratze-prozedura bi aste barru bidaliko dute eta kasuaren larritasuna dela eta, Europako Batzordearen presidenteari, Jose Manuel Durao Barrosori, prozedimendu "bizkortua" egitea gomendatuko dio.
"Garrantzitsua da hitzak bakarrik aldatzea baino, Frantziako agintarien portaera ere aldatzea", nabarmendu du Viviane Redingek. "Lotsagarria da Frantziako Gobernuko kide batzuk hona gauza bat esanez etortzea, eta beste kide batzuk Parisen nahi dutena egitea", kexatu da.
Batzordeak gertutik jarraitu du Frantzian gertatutakoa eta kezkatuta dago jendea gutxiengo etniko bateko kide izateagatik Europar Batasuneko Estatu kide batetik kantporatzen dutela dirudielako.
Justizia arduradunak azpimarratu duenez, "egoera hau, Bigarren Mundu Gerra ondoren Europak berriro ikusi egin behar ez duen egoera da".
Frantziaren erantzuna
Bernard Valero Frantziako Kanpo Gaietarako Ministerioko bozeramaileak Europar Batasuneko adierazpenei erantzun die. Bere hitzetan, kritikek "ez dute ijitoen etorkizuna" hobetuko. "Ez da eztabaidarako unea", esan du.
"Gure ustez, honelako adierazpenekin ez da ijitoen etorkizuna eta egoera hobetuko; gure kezka nagusienen artean daude ijitoak, ez da eztabaidarako unea, orain ijitoen aldeko lana egin behar dugu", adierazi du Valerok.