Mundua -
TERRORISMOA
Brusela eta Londresko ostiraleko erasoak terrorismo gisa ikertuko dituzte
Bruselan gizonezko bat hil zuten soldadu batzuei eraso egin ostean, eta Londresen hiru poliziak eta erasotzaileak arma zuriz eragindako zauriak izan zituzten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Belgikako eta Erresuma Batuko agintariek jakitera eman dutenez, ekintza terrorista gisa ikertuko dituzte ostiral honetan Bruselan zein Londresen gertatu ziren bi erasoak.
Lehendabiziko gertakarian, labana bat zeukan gizonezkoa batek hiru soldaduri eraso egin zien Belgikako hiriburuan, baina ez zuten zauri larririk izan. Gertaeraren zehar soldaduek erasotzailea tiroz hil zuten.
Erasoa Emile-Jacqmain boulevardean jazo zen, eta erasotzaileak Allahu akbar" ("Ala handia da") oihukatu zuen erasoari ekin zionean. Hala zabaldu zuen RTBF telebista kate publikoak.
Buckingham jauregiaren aurrean erasoa
Aldi berean, Londresko Poliziak larunbat honetan aditzera eman duenez, atzo iluntzean beste gizonezko batek Londresen, Buckingham jauregiaren inguruan, arma zuriz egin zuen erasoaldia ere ekintza terrorista gisa ikertzen ari dira.
Jauregi aurrean zeuden poliziek "arma zuri handi bat" ikusi zuten gizonezko bat gidatzen ari zen ibilgailu barruan, hark autoa erreginaren egoitzatik gertu dagoen leku debekatu batean aparkatu ostean.
Hura atxilotzeko gertu zeudenean, susmagarria oldartu egin zitzaien eta agenteak sastakatzen saiatu zen "Ala handia da" oihukatzen zuen bitartean, adierazi dute Poliziaren iturriek. Gertaeran zehar poliziek zein 26 urteko erasotzaileak zauriak izan zituzten.
Azkenik, poliziek erasotzailea atxilotu zuten, eta, nahiz eta hasiera batean Polizia agenteei eraso egitea eta zauri fisikoak eragitea egotzi, Erresuma Batuko agintariek kasu honetan 2000. urteko Terrorismoaren aurkako Legea aplikatzea erabaki dute.